Greziako Lesbos uharteko Moriako kanpalekuko errefuxiatuei otorduak eman ahal izateko egingo dute bilketa. Kanpalekua irailaren hasieran erre egin zen.
Elkartasun deia egin du Zaporeak egitasmoak: Greziako Lesbos uharteko Moria kanpamentuko errefuxiatuak laguntzeko jakien bilketa egingo du asteburuan Euskal Herrian. Iraila hasieran erre egin zen kanpaleku erraldoi hori. Irun izango da jakiak utz daitezkeen herrietako bat.
Zehazki, Palmera Montero gunean dagoen BM supermerkatuan jasoko dituzte herritarrek emango dituzten jakiak. Ostiralean (hilaren 25ean) 17:00etatik 21:00etara utzi ahal izango dira herritarren elikagai dohaintzak Zaporeak-en esku. Larunbatean (hilak 26) ordutegia zabalagoa da, 10:00etatik 21:00etara. Litekeena da Zaporeak-eko kideek Oarso Bidasoan beste guneren bat adostea jakiak jasotzeko. Horien berri emango dute.
Zaporeak-ek herritarrei honakoak emateko eskatu die: arroz luzea, garbantzuak, dilistak, babarrunak, makarroiak, atuna eta sardinak (latan), oliba olioa, espeziak, esne hautsa eta barrita energetikoak.
Elikagaiak uzteaz gain, diru ekarpen bidez ere lagun dakioke Zaporeak egitasmoari. Bizum bitartez, edo kontu korrontean dirua sartuz egin daiteke hori. Behean xehetasunak:
Oarso Bidasotik hurbil dauden beste guneak honakoak dira:
- Donostiako Bretxan, ostiral eta larunbatean 09:00etatik 20:00etara jasoko dituzte jakiak.
- Andoaingo Coviran supermerkatuan (Gurmendi kalean dago) ostiralean 09:00-13:00 eta 17:00-20:00 tarteetan izango da zabalik gunea, eta larunbatean 09:00etatik 13:00etara.
- Zarautzen, Iñurritza pentsiodunen elkartean (Gipuzkoa kalea, 32) egongo dira jakiak biltzen, ostiral eta larunbatean 09:00etatik 21:00etara.
- Orion, Herriko Plazan jarriko dute bilketa eremua, ostiralean 17:00etatik 19:30era, eta larunbatean 10:00etatik 13:00etara
- Bilketen guneen zerrenda osoa (gaurkoa, eguneraketak egon daitezke) esteka honetan ikus daiteke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario