martes, 15 de septiembre de 2020

Korrokoitzeko Hiri Antolamendu Plan Berezia onartu du udalak

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el martes día 15 de Septiembre de 2020.

Korrokoitzeko Hiri Antolamendu Plan Berezia onartu du udalak

16.000 metro koadroko eremua hobetu, berregituratu eta berritzeko proiektuaren hasierako fasean sartu da udala.

Alkatea, gaur, Korrokoitzen eskainitako agerraldian.

Korrokoitz inguruko antolamendurako Plan Bereziaren Modifikazio txostena onartu berri du Irungo Udaleko Hirigintza sailak. Beraz, hasi dira 16.000 metro koadroko eremua hobetu, berregituratu eta berritzeko lanak egiteko tramiteekin, gaur Jose Antonio Santano alkateak jakinarazi duenez. Hobekuntzekin batera, alde zaharrarekin konexio berriak ere egiteko asmoa dutela iragarri dute gaurko agerraldian. Aspalditik datorren afera da Korrokoitzekoa.

Planteamendu berri bat proposatzen du Plan Bereziaren Modifikazio honek, hortaz, 2008an onartutakoa indarrik gabe utzi dute.

Korrokoitz eremuko jabeek 2017an Korrokoitzeko Plan Bereziaren modifikaziorako egindako proposamena aztertu dutela diote udaletik, eta teknikariek oniritzia jaso ostean, hasierako onartzea tramitatzea erabaki du udalak.

Plan berriak honako proposamenak jaso ditu:

  • Urdanibia plazako eta Dunboa kanal bitarteko bizitegi egitura osatzea, Urdanibia plaza inguruko hiri egitura mantenduz.
  • Dunboa kanaleko traza mantentzea etorkizuneko etxebizitzen hiri egituraren elementu definitzaile gisa.
  • Alde zaharreko itxuraren koherentziarekin jarraitzeko antolamendu egoki bat egitea.

Etorkizuneko Korrokoitz inguruan, berriro ostatua emateko 2.000 metro koadro erabiltzea aurreikusi dute, eta Babes Publikoko Etxebizitza ugari ere egingo dituzte (2.827 metro koadroko eremua izango dute horretarako). Gainera, urbanizazio lanetarako genero ikuspegia txertatu dutela azaldu dute udaleko iturriek. Etorkizuneko proiektu guztiak, planak aurrera egin ahala jakinaraziko ditu udalak.

Onartutako plana publikoki erakutsi beharko du udalak, 45 egunez. Ondoren, behin-behineko onarpenari ekingo diote, beharrezkoak diren tramite guztiak eginez. Azkenik, udaleko plenoak onartu beharko du proiektua behin-betiko.

«Orain dela bi urteko akordio eta antolamendu bera»
Talde jeltzaleak berehala erantzun dio gaur Santanok aurkeztutako planari. Xabier Iridoy bozeramaileak honakoa esan berri du: «Gaur alkateak eta udal gobernuak aurkeztutako antolamendu proiektua, duela bi urte guk aurkeztutako bera da», dio, orduan eta gaur aurkeztutakoen arteko berdintasunak nabarmenduz. Gainera, 2018an alkateak eta udal gobernuak arkitektoen eta udal teknikarien txostenak ukatu zituztela gogoratu dute, «hirigintzaren legezkotasunetik kanpo zegoela» salatuz.

Hala eta guztiz ere, pozik azaldu dira jeltzaleak, «alde zaharra garatzeko apustu argia egin ondoren, protagonismoak alde batera utzi eta beharrezkoa den eremu horretan urrats sendoak eman direlako».

No hay comentarios: