jueves, 17 de septiembre de 2020

Jaizkibelgo uholdeak saihesteko 1,4 milioi euro inbertituko ditu aldundiak

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el jueves día 17 de Septiembre de 2020.

Jaizkibelgo uholdeak saihesteko 1,4 milioi euro inbertituko ditu aldundiak

«Jaizkibel ekialdeko hegaleko erreketatik datozen urak itsasora desbideratzeko eta urak itsasoratzeko» asmoa du proiektuak. Irun zein Hondarribiko alkateek txalotu egin dute egitasmoa.

Santano, Asensio eta Sagarzazu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak eta Txinzer-ek hitzarmen bat sinatu berri dute, «Jaizkibel ekialdeko hegaleko erreketatik datozen urak itsasora desbideratzeko eta urak itsasoratzeko», finean, egun euritsuetan ohikoak bilakatu diren uholdeak saihesteko asmoz.

Proiektuarekin «etxebizitzen azpian eta galtzaden azalean gertatzen diren aldizkako uholdeak saihestu» nahi dituztela zehaztu dute aldundiko iturriek. Gaur bertan sinatu dute proiektua, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, eta Irun zein Hondarribiko alkateek.

Gaurko agerraldian zehaztu dutenez, uda honetan hasi dituzte lehen lanak, Faroko errepideko euri urak biltzen dituen kolektorean aritu dira lanean zehazki.

Txomin Sagarzazuk oso positibotzat jo du proiektua, eta lehen lanak primeran joan direla nabarmendu du. «Proiektuaren lehen zatia oso modu positiboan gauzatzen ari da. Eremu horretan, segundoko 11.000 litroko emari metatua biltzen da, beraz, obra horrek berebiziko garrantzia du eremuko uholdeen arazoa arintzeko eta euri urak husteko ahalmenik eza konpontzeko», esan du alkateak. Irungo alkate Jose Antonio Santanok ere proiektua txalotu du, eta «gure eskualdeko lehentasun handiko obra» gisa definitu du.

Proiekturako 1,4 milioi euroko inbertsioa (1.463.000 euro zehazki) egingo du aldundiak, eta amaitzeko, 14 hilabeteko epea beharko dute. Honekin uholde arazoa arindu eta euri urak husteko ahalmen eza hori konponduko dutela ziurtatu dute. Horrez gain, proiektuak ere saihestuko du azaleko euri uren emariak ur beltzen saneamendu sarean sartzea, aldundiak azaldutakoaren arabera.

Proiektuaren bigarren fasea Baserritar etorbidetik doan 6. kolektorean eta Ramon Iribarren pasealekuari eragiten dion 8. kolektorean egingo dute.

 

No hay comentarios: