Uztailetik harrera lanak berreskuratu ditu Irungo Harrera Sareak. COVID-19ak eragindako egoerari ohitu dira jada, eta azken bi urteetan bezalaxe, egunero jaso dituzte migratzaileak.
Joan den uztailean eman zuen Irungo Harrera Sareak berriz ere harrera lanak berreskuratzeko pausoa, COVID-19ak hilabete luzez boluntario lanak etetera behartu ostean. Ordutik 24 orduz lanean aritu dira berriro, ongi etorria eta harrera egin diete migratzaileei, eta kasu batzuetan ere gaua pasatzeko aukera bermatu diete. Betiko martxa berreskuratu dute, gogoz gainera, eta nola ez, egoera berriak eskatzen dituen «osasun neurri guztiekin».
Uda izan ohi da azken bi urteetan urteko sasoirik mugituena, eta egungo osasun larrialdia kontuan hartuta, mugimendu gehiago espero zutela aitortu dute sareko kideek. «Uste baino lagun gutxiago heldu dira, baina jarioa etengabekoa izan da aurten ere. Uztaileko bi asteetan emakume asko heldu ziren, baina hortik aurrera egunean 15 bat iritsi dira», azaldu du sareko kide Josune Mendigutxiak.
Itzuleratik bildutako datuei erreparatuta, uda honetan 1.000 bat lagun artatu dituzte, 300 inguru hileko. «Halere kontuan izan behar dugu Irundik igarotzen direnen erdia ezagutzen dugula normalean, beraz, 2.000 inguru pasatu direla esango genuke», erantsi du sareko kide Jon Arangurenek.
Uztaileko lehen asteetan izan ezik, migranteen profila errepikatu dela diote saretik, hau da, 20 urtetik gorako gizonezkoak heltzen dira bereziki. Emakumeak, aldiz, iritsitakoen %5-10a izan ohi dira. Eta migratzaile horien jatorria ere, azken urteetako berbera dela dio Arangurenek: «Afrikako mendebaldekoak dira gehienak, Ginea Konakry, Mali edo Boli Kostakoak. Hirira iritsitakoen %80 inguru horretatik etortzen da».
Jatorriaz harago, azken hilabeteotan «dublinatuak» izenez ezagunak diren migratzaile talde asko jaso dituzte sarekoek, hori nabarmendu nahi izan du Arangurenek. Europatik bueltaka daudela zehaztu dute sarekoek, eta inon harrera duinik jaso ez dutela. «Duela urtebete tarteka ikusten genuen dublinaturen bat, baina gaur egun eguneroko gauza da. Ez dute leku finkorik geratzeko. Europak harrera ukatu die, eta noraezean dabiltza. Astakeria bat da, haien bizitzako urterik onenak xahutzera behartu dituzte».
Migratzaile gehienek Irungo muga politikoa zeharkatzea dute helburu, baina azken pauso horretan ere oztopo gehiago aurkitzen jarraitzen dutela salatu nahi izan du enegarrenez sareak. Frantziako poliziak «kontrol arrazistekin» jarraitzen duela azaldu dute, legez kanpoko itzulketak egiten. «Migratzaileak izorratu eta kontrolatzeko inbertitzen duten diru hori jendeari harrera duina egiteko nahikoa eta soberan izango litzateke», erantsi du, haserre, Arangurenek.
Aterpea, betiko borroka
Joan den urtetik Irunek (Belaskoenea auzoan) migratzaileentzako espresuki egokitutako zentro bat izan arren, ohe asko hutsik geratu direla salatu du sarritan sareak, asko kalean lo egitera behartu dituztela, alegia. Eta COVID-19ak eragindako egoerarekin, gainera, egoera okertu egin dela zehaztu du Mendigutxiak. Osasun egoera dela eta, aterpeko 100 oheetatik 50 daude soilik erabilgarri. Baina halere, uda honetako jarioa kontuan hartuta, Mendigutxiak dio ez dela sekula bete aterpetxea, eta berriro jende asko kalean utzi dutela.
Gogor jo du sareko boluntarioak aterpea kudeatzen duen Gurutze Gorriaren kontra, azken urtean eta bereziki konfinamendu osteko hilabeteetan aterpearekin egindako kudeaketagatik. «Gurutze Gorriarekin ez dugu inolako harremanik. Ez digute ezer kontatzen, baldintzak egun batetik bestera aldatzen dituzte», adierazi du, amorruz.
Mendigutxiak maiz eraman behar izan ditu migratzaileak kotxean edo oinez aterpera, eta azken asteetan izandako bi «gertakari lotsagarri» gogoratu ditu. Aurreko astean, Ceutatik heldutako gizon talde oso bat kalean utzi zutela kontatu du, 7-8 bat lagun zehazki. Eta aurreko egunean ere familia batekin gertatutakoa kontatu du. «Bikote bat bi seme-alabekin iritsi zen, eta Gurutze Gorrikoek esan zidaten denek bertan pasatuko zutela gaua. Baina hurrengo egunean aita kalean aurkitu genuen. Aurpegira gezurra esan ziguten. Egia esan izan baligute, gizon honi lo egiteko alternatiba bat bilatuko genioke, lotsagarria izan zen».
Gautxorietan eta San Juan plazako gunean harrera egiteko boluntario gehiago behar ditu sareak. Zeregin horietan aritzeko interesa dutenek, webgune honetara jo dezakete.
No hay comentarios:
Publicar un comentario