Irungo Berdinki Zirku Garaikide Konpainiak ‘mikra’ ikuskizuna estreinatu berri du. Karrikan lehiaketan irabazitako bekaren emaitza da ikuskizuna; zirkua, antzerkia eta musika uztartzen duen pieza da.
Irati Gonzalez Jaimerena irundarrak eta Koldo Arakistain Irazusta zarauztarrak osatzen dute Berdinki elkartea. Pasa den urrian sortu zuten. Karrikan plataformak antolatzen duen Kaleko Arte Eszenikoen sorkuntza lehiaketara aurkeztu ziren, eta beka irabazi pieza bat sortzeko. Izaera eman behar izan zioten beren lanari eta horrela sortu zuten Berdinki Zirku Garaikide Konpainia.
Gonzalez eta Arakistainek osatzen dute konpainia, eta batik bat akrobazia egiten dute, akrobazia bikoitza lurrean, baita aireko akrobazia bikoitza ere trapezioan; Gonzalezek zazpi akrobazia egiten du bakarka. Hori da beraien jarduera nagusia, baina antzerkia eta dantza diziplinak ere uztartu dituzte pieza sortzerakoan.
Bekaren emaitza mikra da: «Generoa, rolak eta botere harremanek eraginda bizi garela kontatzen dugu bertan —azaldu du Arakistainek— azkenean zer garen eta nola ikusten gaituztenaren arteko muga jo puntutzat hartuta landu dugu, eta azkenean antzerkia, eta batez ere zirkua lengoaia bezala erabili dugu; hitz gutxi erabili ditugu, ez da ikuskizun diskurtsibo bat, ez diogu publikoari zuzenean gai horien gaineko ezer planteatzen. Hasieran modu batean azaltzen gara, hala ikusten gaitu publikoak eta ikuskizuna aurrera doan bezala hasieran ematen dugun itxura hori desfiguratzen doa, eta benetan gu garena, gure esentzia azaltzen da».
Zirkua eta akrobazia
Zirkua eta akrobazia lengoaia bihurtzea ez zaiela batere zaila egin aitortu dute biek. «Gu hortik gatoz, erronka izan da antzerkia. Modu performatiboan azaldu nahi genuen hori bagenekien zer zen, bagenekien guk egiten ditugun diziplinekin irudi oso indartsuak sortzeko gaitasuna daukagula, baina hori dena harilkatu behar da, dena azaldu gabe, bestela diskurtsoa bihurtzen delako eta guk hausnarketarako bidea zabaldu nahi diogu ikusleari».
Lanketa sakona du Berdinkik sortu duen piezak atzean. «Lantalde bat bildu dugu lanketarako, eta tartean generoan aditua den Eider Goiburu aritu da; Orioko ahalduntze eskola gidatzen du». Hasi aurretik sorkuntza lan guztia, harekin egin zuten lanketa Gonzalezek eta Arakistainek, biak oinarri beretik abiatzeko: «Azkenean, generoa, rola eta botere harremanak esanda bakoitzak bere bizipenak dituelako, eta bateratu nahi genuen nondik heldu gaiari».
Lantalde zabala atzean
Goiburu laguntzailetako bat izan da bide horretan, baina ez izan duten bakarra. Haiek sortu dute mikra, baina laguntza handia jaso dute: «Iraia Elias zarauztarra eta Amancay Gaztañaga zestoarra zuzendari izanda, Ane Arruti zarauztarrak musika sortu du». Horiekin batera, baldintzarik gabe izan dituzte ondoan lagunak eta familiak, «guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan lagun izan ditugulako».
Ez dira kulturarentzat garai gozoak—inoiz izan badira, egun are zailagoak dira— koronabirusaren osasun larrialdiaren testuinguruan. Zentzu horretan, beka irabazteak asko suposatu duela dio Gonzalezek: «Hasteko, gure elkartearen sorrera suposatu du, eta hortik aurrera, gure lehenengo pieza sortzea. Hori guztia eman digu, baina baita gure lana indartzea ere, gure bidea sortzen eta eraikitzen; ez da gutxi. Egia da urte oso berezia izan dugula, trabaz betea, mugak aurkitu ditugu».
Lehiaketa irabazita sorkuntza garaia helduko zela pentsatu zutela dio Gonzalezek, eta emanaldi ugari lotuak izango zituztela; «dena bideratua zegoen, eta bat-batean egoera berezi batean aurkitu gara».
Dudak, beldurrak sortu zaizkiela bidean dio irundarrak, eta egungo egoerak beste puntu batean jarri dituela.
Piezan ez da azaltzen pandemia espresuki, baina eragina izan duen zalantzarik ez du, sorkuntza prozesu betean harrapatu zituelako konfinamenduak. «Ez gara berdinak, sorkuntza berriro hartzeko unean ez da sorkuntza bera, eta horrek antsietate puntua ere sortu digu, baina jakin dugu bideratzen eta aprobetxatzen, azkenean egoera berri eta berezi honek gizarte osoari eragin diolako, jipoia denok jaso dugu».
Zalantzarik ez du Gonzalezek, jendea gogoz dagoela dio kultura ikusteko, beste era batera erlazionatzeko, «eta uste dugu gure lanak asko aporta dezakeela».
Pandemiak eguneroko bizitza eten du, birpentsatu eta birmoldatzera eraman du gizartea arlo ia guztietan; kulturan ere izan du eragina: «Ez da berria elkarrekin aritzea, aurretik ikastaroak eman dizkiegu haurrei, eta Gure Zirkuan ere aritu gara gure diziplinarekin. Egoera honek erritmoa gelditzea ekarri du».
Azken bi urteetan agertokian egoteko aukera pila izan dutela nabarmendu du Arakistainek: «Halako batean, derrepente, espazio eta denboraren artean apurketa bat egon da itxialdian, eta orain dirudi berrabiarazten ari direla gauzak. Azkenean, kosta egiten da erritmoa hartzea gurea bezalako diziplina batean eten ostean. Behar da denbora, baina hemen gaude».
Ziurgabetasuna. Hitz hori erabili du Arakistainek konfinamenduan sentitu zuena azaltzeko, «baina jendearen aldetik, familia, lagunak, bultzada handia jaso dugu. Lantaldea ere horretan izan da. Animikoki ere, asko lagundu digute».
Mikra Hendaian estreinatu dute asteburuan, eta asteazkenean Bilbon egin zuten emanaldia Errekalde auzoan egiten den Zirkualde jaialdian. Hurrengo hitzordua, berriz, urriaren 2an izango dute Leioako Umore Azokaren barruan, Leioako Aldapa auditorioan, 21:00etan.Egoera dela-eta emanaldi asko bertan behera gelditu direla dio Gonzalezek, baina aipatu du gustatuko litzaiokeela Irungo konpainia izanik mikra pieza hirian ematea. Ez dute oraindik hitzordurik lotuta bertan.
Iruditegi berri bat sortu
Kaleko pieza denez, hemendik aurrera kalean aritzea zaila izango da Euskal Herrian. Horren harira, pentsatzen ari dira pieza aretorako moldatzea, eta neguan emanaldiak egitea; 2021eko udaberrian hasiko dira berriro kalean egiten. Pieza zergatik ikusi behar den galdetuta, berehala erantzun du irundarrak: «Iruditegi berri bat sortu nahi dugu eta gizarte osoaren laguntza behar dugu horretarako, bestaldean publikorik ez badago, ez da inora iritsiko. Aldaketa unea bizitzen ari gara, ez dakigu argi nora goazen, baina aldatzen ari da guztia eta aldaketa horren parte izan nahi dugu».
Zirkua-haurrak binomioa apurtu nahi izan du Arakistainek. «Denborapasa gisa ulertzen da, haurrei begirakoa ulertzen dute askok zirkua. Guk ulertzea nahi dugu zirkuak baduela balio transformatzailea, eta istorioak kontatzeko balio duela, ez da bakarrik entretenimendua eta ez da bakarrik haurrentzat. Gai mardulak baditugu, eta ikusleak behar dira. Nori kontatu ez badago, esanahi guztia galtzen du lanak».
Berdinki konpainiarekin harremanetan jartzeko bideak honakoak dira: posta elektronikoa, eta Facebook eta Instagram kontuak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario