'Gehiago, gehiagotan' leloa jarri diote bigarren Euskaraldiari Irunen. Ahobizi eta Belarriprest-ez gain, ariguneak sortuko dituzte hiriko talde, elkarte eta enpresetan.
Aurtengo Euskaraldirako motorrak berotzen hasi dira Irunen ere. Gaur bertan bigarren edizioaren berri eman dute Zabaltza plazan eskainitakoa agerraldian. Bertan, Euskara saileko ordezkari Monica Martinez, Uvesco taldeko Pedro Galdos, Bidasoa eskubaloi taldeko presidente Gurutz Aginagalde eta Euskaraldiko dinamizataile Lide Redondo izan dira.
Aurtengoak Gehiago, gehiagorekin leloa izango du abiapuntu. Eta Ahobizi eta Belarriprestez gain, bigarren honetan taldeei ere zabaldu nahi diete ariketa soziala. Hala, ariguneak osatuko dituzte hiriko talde, elkarte edota enpresek, «entitate publiko nahiz pribatuetan euskaraz lasai aritzeko» asmoz. Barne zein kanpoko ariguneak sortuko dituztela zehaztu dute gaurko agerraldian, beraz, arigune horiek ere harremana izango dute norbanakoekin.
Dagoeneko hiriko zenbait entitatek Euskaraldiarekin bat egiteko pausua eman dute; hilaren 27ra bitarte izango dute izena emateko aukera. Norbanakoek izena emateko aukera aldiz, hilaren 24tik aurrera izango da. 2018an, 3.600 irundarrek parte hartu zuten; 2.550 Ahobizi eta 1.050 Belarriprest.
Entitate gisa parte hartuko duenetako bat Bidasoa eskubaloi taldea izango da. «Pixkanaka bada ere, gure inguruan euskarak gero eta erabilpen maila handiagoa du zorionez, eta bide hori jorratuz, Bidasoak ere eskualdeko eta Gipuzkoako erakundean den heinean, aurrera pausuak eman behar ditugu. Oinarriak etxean baditugu zaleak, kazetariak eta beste hamaika eragileri euskaraz erantzuteko, eta honen balioa azpimarratu nahiko genuke, baina baita jokalariak ere, oso ohikoa baita hainbat jokalari euren artean euskaraz aritzea», esan du Aginagaldek. Uvesco taldeko ordezkariak ere irundarrak animatu ditu bigarren edizio honetan parte hartzera: «Kalitatezko zerbitzuarekin dugun erantzukizunean bete urrats bat da, bertan funtsezkoa baita euskara integratzea, abai langileen artean beren lantokian, bai bezeroentzako zerbitzuan».
Batzordea, hilaren 17an
Hurrengo ostegunean (hilak 17) eragile ezberdinak bildu nahi dituzte, udalarekin batera aurtengo edizioa prestatzeko. Euskaraldiko batzordea egingo dute, Palmera Monteroko guneko 2. aretoan, 18:00etan. Herritar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita. Bertaratzeko aldez aurretik izena eman beharko da, 647 975 885 telefono zenbakira deituz edo helbide honetara idatziz.
Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte luzatuko dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario