Greziako Lesbos irlako errefuxiatuen kanpamenduaren egoeraren gaineko irakurketa egin du taldeak. Hilaren 25ean mozio bat erregistratzeko asmoa dute.
Joan den astean Greziako Lesbos irlako Moria errefuxiatuen kanpamenduan gertatutako sutearen harira, Irungo EH Bilduk adierazpen instituzionala kaleratu berri du. Egoeraren gaineko irakurketaz gain, mozio bat erregistratuko dutela jakinarazi dute gaur, hilaren 25eko Udalbatzan eztabaidatzeko.
Lehenik, Moriako egoeraren gaineko gogoeta elkarbanatu nahi izan dute irundarrekin. «Moria lehertu da. Lau sute txikirekin hasi zena sute erraldoi bihurtu zen, Europako errefuxiatuen esparrurik handiena errez. Atzoko datuen arabera, 35 pertsona errefuxiaturen positiboa baieztatu zen, COVID19 birusaz, eta beste 125 pertsona berrogeialdi hertsia egiten ari ziren. Horrelako eremu batean ezinezkoa da segurtasun neurriak aurrera eraman ahal izatea, ezta gutxieneko distantzia mantentzea ere, higiene neurriak bermatzea», esan dute amorruz. Sutearen ondorioz migranteek alde egin behar izan dutela diote, beraz, 12.000 lagun baino gehiago «sakabanatuta» daudela. Bide batez, bertan dauden Zaporeak proiektuko kideen lana txalotu dute.
Gaiarekin lotuta, mozio bat erregistratuko du koalizio subiranistak hilaren 25ean (ostirala da) egingo duten Udalbatzan (orduan eztabaidatuko dute), ondorengo proposamenekin (hitzez hitz):
- Irungo Udalak «harrera hiritzat» du bere burua, eta elkartasuna adierazi nahi die haien bizilekuetatik alde egin beharrean diren pertsonei. Eta gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egitekoa ere.
- Irungo Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du, eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere.
- Irungo Udalak Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die har ditzatela premiazko neurriak krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, eta politika bateratu bat egin dezatela immigrazio eta asilo arloan, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.
- Irungo Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Moriako tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.
No hay comentarios:
Publicar un comentario