Irungo parke, kirol eremu eta aire zabaleko guneak patio edo gimnasio inprobisatu bilakatu dituzte. 22 eremu erabiltzen hasi dira.
Irungo Udala hiriko ikastetxe publiko zein kontzertatuekin biltzen aritu da azken egunotan, udaleko instalazioak haien eskuetara uzteko asmoz. Ikasturte bereziarekin batera sortu diren beharrei erantzuten lagundu nahi die udalak. Gune horiek ikasketa zein kirol jardueretarako erabiltzea izan da asmoa hasieratik.
Bada, udalak emandako azken informazioaren arabera, dagoeneko hiriko ikastetxeak hasi dira espazio horiek erabiltzen, 22 zehazki. Parkeak, kirol eremuak eta aire zabaleko guneak patio edo gimnasio inprobisatu bilakatu dituzte, ikasle eta irakasleak egunerokoan erabil ditzaten. Zentzu berean, Uranzu pilotalekua beste lau ikastetxeren eskuetan uzteko asmoa du udalak.
Ikasgela kopuru arazoa
Udala dagoeneko hasi da Toki Alai ikastetxeak ikasgela kopuruarekin duen arazoari erantzuten, hori jakinarazi dute hedabideei bidalitako oharrean. Aurrefabrikatutako instalazioak eraikitzea aurreikusten ari direla zehaztu dute, eta dagoeneko eskaera helarazi diotela udalak Eusko Jaurlaritzari.
No hay comentarios:
Publicar un comentario