martes, 22 de septiembre de 2020

«Hezkuntza arloa indartzeko» eskatu dio EH Bilduk udalari

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el martes día 22 de Septiembre de 2020.

«Hezkuntza arloa indartzeko» eskatu dio EH Bilduk udalari

Udaleko baliabideak urriak diren arren, «eskumen hauek muturreraino eramateko unea» dela uste dute EH Bilduko kideek, «ahalegin guztiak egiteko garaia dela».

Eraikin berriaren patioetako batean, horma apainduta

Ikasturte bereziaren hasierarekin batera, egoeraren gaineko irakurketa elkarbanatu nahi izan du Irungo EH Bilduk herritarrekin, kezkati azaldu dira taldeko kideak. Ikasle, irakasle, gainerako langile eta familiak egiten ari diren ahalegina txalotu du koalizio subiranistak eta eskaera zuzena egin diote udal gobernuari: hezkuntza arloa indartzeko.

«Koronabirusak sortutako krisiaren ondorioz inoiz baino argiago geratu da sistema publiko indartsua ezinbestekoa dela. Hezkuntzaren kasuan erakundeei dagokie ikasturte berriarekin batera sortu diren kezka, zalantza eta ziurgabetasunei erantzun azkar eta egokia ematea, egoera zailaren zama ezin baita hezkuntza komunitatearen bizkar gainean utzi», esan dute taldetik.

Zentzu horretan, Irungo Udalak zenbait neurri hartu dituela gogoratu dute, baina oraindik ere gehiago egiteko beharra nabarmendu dute. Hala, eskolei zuzendutako udal programa eta egitasmo guztiak indartzeko eskaera egin diote udal gobernuari, «zentroetako zuzendaritzekin koordinatuta, eta noski, segurtasun neurri guztiak hartuta». Eskera hori erregistro bidez egin dutela zehaztu dute.

Udaleko baliabideak urriak diren arren, «eskumen hauek muturreraino eramateko unea» dela uste dute EH Bilduko kideek, «ahalegin guztiak egiteko garaia dela». Era berean, Eusko Jaurlaritzari bere lana egin dezala eta giza zein ekonomikoak diren baliabideak handitzeko eskatu diote.

Amaitzeko, honako gogoeta elkarbanatu dute irundarrekin: «Jendarte eta komunitate indartsua nahi badugu, zerbitzu publikoak indartzen jarraitu behar dugu».

No hay comentarios: