Donibane Lohizuneko ekitaldietara joateko deia egin dute. 11:00etan herriko plazatik 'memoria ibiltaria' abiatuko da; 12:00etan aldiz, ekitaldi nagusia egingo dute Ziburuko plazan.
Igandeko (hilak 27) Gudari Egunaren harira, Irungo Sortuk Donibane Lohizunera joateko deia luzatu die herritarrei. Izan ere, Hego Lapurdiko kostaldea aukeratu du ezker abertzaleak aurtengo ekitaldi nagusiak egiteko. 11:00etan Donibane Lohizuneko plazatik ‘memoria ibiltaria’ izeneko egitasmoa abiatuko da. Bidean zehar, Euskal Herriaren historian garrantzitsuak izan diren lekuak bisitatuko dituzte eta testigantzak jaso. 12:00etan aldiz, Ziburuko plazan amaierako ekitaldia egingo dute.
Era berean, deialdia egiteaz gain, Irungo Sortuk egungo egoera politiko eta sozialaren gaineko irakurketa egin du, eta irundarrekin elkarbanatu nahi izan du. Ondorengoa da, hitzez hitz, ezker abertzaleak igandeko aldarrikapen egunari begira kaleratu duen testua:
Koronabirusak tragedia erraldoia ekarri du, egungo sistema sozial,ekonomiko eta politikoaren gabeziak eta injustiziak sakonduz, eta une berean, agerian utziz. Errepresioaren pandemiak ere jarraitzen du gurean, berriki Igor Gonzalez Sola preso politikoaren bizitza eraman du. Euskal Herritik at hartzen dira gure bizitza baldintzatzen dituzten erabakiak, eta nabarmena da inoiz baino beharrezkoagoa dela gure buruaren jabe bilakatzea, bestela bizitzeko. Irunen, euskal Herrian eta mundu osoan.
Geroari so egin behar diogu, nondik gatozen aintzat hartuta. Bizirauteko autua egin zutelako gaude bizirik herri gisa. Duela hainbat hamarkada Euskal Herriaren herri gisako biziraupena zegoen kolokan, batetik, diktadura frankistak erabateko asimilazioa zuelako helburu, eta, bestetik, ekonomia, jendarte eta pentsamendu mailako aldaketek berezitasunen desagerpena eragiten zutelako. Frantziar eta espainiar Estatu posinperialen eskualde bilakatzeko arriskua nabarmena zen. Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra matxinatu ziren gazte ero batzuk, eta hamaika esparrutan hartu zuen indarra euskal matxinadaren suak. Estatuen erantzuna errepresioa eta satanizazioa izan zen: Euskal basakeria espainiar eta frantziar zibilizazioaren aurka. Alta tortura eta estatu terrorismoa izan ziren zibilizazio agortu eta dekadente horien adierazpen argigarriak.
Borrokak bideak irekitzen ditu. Munduan eman diren aurrerapen oro borroka askatzaileen ondorioak dira. Borroka askatzaileek hobetzen dute mundua, baina konkista sozial guztiek pribilegiatuen nagusitasuna urratzen dute, eta goikoak ez dira geldirik egoten. Borroka askatzaileen deslegitimazioa borroka bera bezain zaharra da. Indarkeria politiko batzuen gaitzespen moralistaren forma hartzen du, edo hausturaren narratiba, baina sakonean, protesta beste mundu baten eraikuntza da deslegitimatu nahi dutena. Mundu osoan, eta Euskal Herrian ere bai!
Beste mundu baten eraikuntza da galarazi nahi dutena. Oraingo menderakuntzen defentsari errelatoaren lehia diote, eta batzuk amua irentsi eta moralismoaren joko zurian erori dira. Beste batzuk berriz, badakigu zer den sakonean dagoena. Politika eraldatzailearen aukera da kriminalizatu nahi dutena, 78-ko errgimena eta Frantziako bosgarren errepublika gainditu eta beste instituzionalizazio prozesuak garatzeko aukera, hots, haustura demokratikoaren aukera.
Biziraupenaren lehia irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako gazte eroek, horregatik dago gure eskuetan bizitza duinaren erronka. Zor dieguna ez dugu inoiz ahaztuko. Ez ditugu inoiz ahaztuko, haien borroka askatzaileei esker sortu direlako egungo aukera berriak. Herri gisako bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik herri gisa. Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea!
No hay comentarios:
Publicar un comentario