Irun Hiria irabazi zuten euskarazko lanak, irakurgai
Asier Serranoren ‘Ate osteko itzalak’ poema liburua eta Juan Luis Zabalaren ‘Txistu eta biok’ eleberria eman ditu argitara Kutxak
- F.I. | DONOSTIA
Kalean dira 41. Irun Hiriko Kutxa Saria irabazitako euskarazko eleberria eta poesia liburua, bata Juan Luis Zabalaren ‘Txistu eta biok’, bestea Asier Serrano Lasaren ‘Ate osteko itzalak’. Argitalpen zainduak egin nahi izan ditu Kutxak eta Sevillako etxe baten esku utzi du lan hori; Algaida izeneko argitaletxea, alegia.
Juan Luis Zabalak adierazi duenez, ‘alter ego’ bat sortu du, eleberriko protagonista ipintzeko. «Protagonista hori, ni bezala, Berria-ko kazetaria da,Kultura sailekoa. Ez dakit autofikzioa den edo ez, baina ‘alter ego’ hori nigandik nahiko gertu dago».
Liburuaren egitura erabakitzeko garaian bi inspirazio-iturri izan omen ditu batik bat: batetik, Miren Agur Meaberen ‘Kristalezko begi bat’ eta Jon Alonsoren ‘Zintzoen saldoa’. «Batean ikusi nuen autofikzioak jokoa ematen zuela, bestea polizi nobela da, baina protagonistak gogoetak egiten ditu kultur munduaz, honetaz eta hartaz, eta hori ere ondo iruditu zitzaidan», esan du. «Eta beste inspirazioa arte garaikidea izan da. Hor askatasun handia dago, literaturan baino gehiago, eta nik libre idatzi nahi nahi nuen, eta gero gerokoak».
Liburuko beste protagonista handia Txistu da, kazetariaren txakurra. Hain zuzen ere, albaitariak Txisturi gaitz bat diagnostikatzen dionean hasten da idazten Zabalaren ‘alter egoa’. Elementu autobiografiko asko omen dago eta saiatu omen da «nire barne miseria batzuk agertzen, nireak ez ezik gure gizartearenak ere badirenak. Nire alde ilun batzuk azaleratu ditut, koldarkeria batzuk, miseria moral batzuk».
Protagonista txakurrarekin paseoan ari dela, hilotz bat topatzen du. Ezaguna du: han eta hemen zabor bila ibiltzen den errumaniar bat da. Handik aurrera trama poliziako «nahiko patetiko eta kutre batean» murgilduko da kazetaria.
Olerki gordinak
Asier Serranok, berriz, honela deskribatu du bere olerki-bilduma: «Izan nuen krisi garai baten emaitza da. Olerki hauek idaztea ukendua izan da niretzat, eta terapia modukoa. Gizarte indibidualista batean bizi gara eta bizikidetza gero eta gogorragoa den garai honetan liburu hau idatzi dut konpartitzeko balio duena».
Itzalei buruz idatzi omen du, eta poema guztiek dute ‘itzala’ hitza izenburuan. «Itzalak ez dira konpainia onak baina. Hala ere, azken poeman tunela pasatzen dut eta argitasuna eta bakea ageri dira».
Oso liburu gordina omen da, «mirari gutxi eta miseria asko duena. Hala ere, oraindik ere maitemintzea merezi duela diot».Eibartar honek publikatzen bosgarren poesia liburua da hau.
No hay comentarios:
Publicar un comentario