Irungo Bilduk datorren hilaren 22an aurkeztuko du bere alkategaia
- I.M.
- IRUN
Datorren maiatzean burutuko diren hauteskundeetarako prestaketen berri eman zuen atzo Irungo Bilduk. Partaidetza erreferentzia izan da 'herri programaren' eraketan eta izango da ere hemendik aurrera.
Datorren asteetako kronograma aurkeztu zuten atzo udal zinegotziak diren Oinatz Mitxelenak eta Jokin Melidak, hainbat bilera ireki eta ekitaldi bat ere. Bi ardatz nagusitan banatu dira programa eratzen duten gaiak. Politika sozialaren inguruan, bi bilera deitu dira. Lehena, otsailaren 18an, asteazkenarekin, 19:30ean Oiasso museoan, Hizkuntza, Hezkuntza, Kultura, Kirola eta Osasungintza arloen inguruan. Bigarrena, otsailaren 21ean, larunbatarekin, 10:00etan, Ospitale zaharreko aretoan, hau Politika feminista, Gazte politika, Hirugarren adina, Aniztasun funtzionala, Aniztasun sexuala eta jatorri zein kultura aniztasunari buruz. Bigarren ardatza, «sozioekonomia deri-tzona», hilaren 21ean, 10:00etan ere baina Amaia Kultur Zentroan izango du bilera Jarduera ekonomikoa, Elikadura subiranotasuna, Industria, Merkataritza, Turismoa, Tokiko garapena, Lurralde antolaketa, Energia, Ingurugiroa, Etxebizitza, Hondakinak eta Enplegua tratatzeko. 200 eragile baino gehiago deitu ditu EH Bilduk ekarpen anitzak jaso ahal izateko eta irizpide guztietako hiritarrak animatu nahi ditu bertaratzera. Honekin ez da ekarpenak jasotzeko bidea bukatuko. «Web bitartez eta Alkartetxeko bulegoa irekiz lan horretan segitzeko asmoa dugu».
Horrez gain, datorren astean, Alkartetxean bertan maiatzerako zerrendaren hamar lehenak erabaki eta izendatzeko batzarra burutuko da. Publikoki alkategaia eta lan talde honetako beste bederatziak ezagutzera emateko, datorren hilaren 22an, igandearekin, ekitaldi bat antolatzea aurreikusten du Irungo Bilduk.
No hay comentarios:
Publicar un comentario