Lopetegi, bertsolari errepublikarra
Txingudi Bertso Eskolako bertso-tailerrak irundar honen bizitza eta lana aztertu du eta guztiaren berri emateko hainbat ekimen burutuko ditu udaberrian zehar
- IÑIGO MORONDO
- IRUN
Txingudi Bertso Eskolako bertso-tailerreko kideek ikasturtea ikerketa lanetan eman dute. Aurtengoan, Joxe Mari Lopetegi irundar bertsolariaren izana aztertzen ibili dira. «Bertsolari asko eman du Euskal Herriak. Badaude oso ezagunak direnak, Txirrita edo Lazkao Txiki, esateko. Irunek ere bertsolari onak eman ditu eta haien bizitza eta lana argitara atera nahi dugu», diote tailerrekoek.
Lopetegi hartu dute lehen urratsa emateko. «Liburuak, lagunak, adituak eta, ahal neurrian, familiako kideak eduki ditugu bidelagun». Orain, «ikasturtean zehar landutakoak plazaratzea dagokigu».
Asteburu honetan eman dute lehen urratsa. Interneteko Wikipedia enziklopedia irekian bazegoen Joxe Mari Lopetegiri eskainitako sarrera. «Hura osatzeko testu proposamena egin genuen eta dagoeneko, eguneratu dute». Horrela, inork irundarraren izena Wikipedian sartzen badu, bere bizitza eta lanaren inguruan jakinmina asetzeko aski aurkituko du. Baina ekimenaren bidera-tzaileak ez dira hor geldituko. «Joxan Elosegi idazlea izan dugu gidari lan honetan. Berak, Lopetegiri buruzko liburua idatzi zuen eta Wikipediako informazioa hobetu eta handitzeko nahia du».
Bihar, Oiasso Museoan
Elosegi, aurretik eginda zuen lana dela eta, lagun garrantzitsua izan da bertso-tailerreko kideentzat. Lopetegi pertsona eta bertsolari moduan egungo irundarren artean aurkezteko prestatzen ari diren ekimen sortan ere, garrantzi handia izango du Elosegik. Bera izango da hizlari bihar, Oiasso Museoan 19:00etatik aurrera burutuko den konferen-tzian. Bertsolariaren «nondik norakoen berri emango digu, Lopetegiren jaiotetxetik metro gutxira».
Ekaina bitarte, beste hainbat ekimen dauzka talde honek buruan, hiriko kaletan egingo direnak, batez ere. Guztiaren amaiera izango den jaialdia ere prestatzen dihardute. «Herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean egingo dugu, herrikoia eta parte hartzailea izan dadin ikasturte honen errematea».
No hay comentarios:
Publicar un comentario