Laburbirak bederatzi film labur eskainiko ditu Irunen hilaren 27an
'Kateak' euskal mitologiari buruzko filmaren zuzendari Yolanda Mazkiaranek solasaldi bat partekatuko du ikusleekin
Laburbira zirkuito ibiltariak geldialdia egingo du Irunen aurten ere. Film laburren zirkuitoa Amaia Kultur Zentrotik pasatuko da hilaren 27an, ostirala. Ekimenaren XVII. edizioak «bederatzi film labur eskainiko ditu», azaldu zuen atzo Mónica Martínez Euskara arloko ordezkariak.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako ekimenak 33 herri bisitatuko ditu apirila arte. Euskal Herria zeharkatzeaz gain, mugetatik haratago joango da Valladolid, Valentzia, Londres eta Paris bisitatuz. Irunen, Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan eskainiko dira proiekzioak, «doako sarrerarekin». Laburbirak bi helburu nagusi ditu: «euskarazko sortzaileen kalitatezko lana ezagurataztea, ekoizteko jarraitu dezaten aukera emanez», alde batetik, eta bestetik «ikusleei hemen eta euskaraz sortutako lanez gozaraztea», gogorarazi zuen Mónica Martinezek.
Laburbira Irunen
- Noiz. Hilaren 27an, ostirala, iluntzeko 19
- 00etan hasita Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan.
- Bederatzi film labur
- 'Gau beltza', 'Urak dakarrena', 'Anti', 'Tigre bat', 'Pil pil', 'Mamarro', 'Kateak', 'Jauzi eta prixt' eta 'Harria herria'.
- Solasaldia
- 'Kateak' filmaren zuzendaria den Yolanda Mazkiaranek saioan parte hartuko du.
Aurtengo ediziora 25 sortzaile aurkeztu ziren, eta haien bederatzi lan aukeratuak izan ziren zirkuitu ibiltarian erakusteko. «Egileen artean badaude sortzaile gazteak, aukera polita dutenak beraien lanak aurkezteko», azaldu zuen Arantza Zulet Euskara arloko Normalizazio teknikariak. Zuzendarien artean badaude, baita ere, «esperientzi luzea dutenak». Beste datu interesgarri bat: bederatzi lan horietatik, «sei emakumeek egindakoak dira».
Film laburren gaiei dagokionez, denetatik dago: bi neskek topatzen duten zorro baten misterioa ('Urak dakarrena', Marilin Taldea), euskaraz hitz egiteko debekua jorratzen duen lana ('Anti', Josu Martínez), alkoholemia kontrol batekin hasten den gau surrealista ('Pil pil', Kristina Zorita) edo ondare, kultura, feminismo eta familiaren kontuak islatzen dituen film esperimentala ('Jauzi bat eta prixt', Maitane Eyheramoto). Eta 'Kateak' laburmetraian, Paleolitikotik gaur egun arte euskal mitologiaren andereak jasan dituen eraso handiak kontatzen ditu Yolanda Mazkiaranek. Zuzendaria Irungo saioan izango da eta ikusleekin filmari buruzko inpresioak partekatuko ditu.
Guztira, saioak «ordu beteko iraupena izango du», zehaztu zuen Arantza Zuletek. Teknikariak eta arloko ordezkariak Laburbiraz gozatzeko gonbidapena luzatu zieten irundarrei. Hitzordua hilaren 27an, ostirala, izango da, iluntzeko 19:00etan Amaia Kultur Zentroan eta doako sarrerarekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario