miércoles, 2 de julio de 2014

Irunen jaiei agur esan diete

Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa sección Bidasoa-Txingudi, el miércoles día 2 de Julio de 2014.

Irunen jaiei agur esan diete

BASERRITARREN EGUNEAN, URDANIBIA PLAZA FALTAN BOTA DUTE ZENBAITEK
XABIER SAGARZAZUREN ERREPORTAJEA ETA ARGAZKIAK - Miércoles, 2 de Julio de 2014 - Actualizado a las 05:42h
Trikitilariak, Euskal Jaiko taula gainean eta publiko ugari, herri kirolen saioa hasteko zain.
Trikitilariak, Euskal Jaiko taula gainean eta publiko ugari, herri kirolen saioa hasteko zain.

Bidasoa-Txingudi
Asko eta askoren ohitura da Irunen, San Martzial eguna eta alardeen biharamunean, ajea pasatzeko, urtero egiten den baserritarren eguneko ekitaldietara joatea. Ospe handikoa da urtero uztailaren 1ean egiten den behien lehiaketa, eta honen harira, bestelako ekitaldiak izaten dira Irunen, hala nola, herri kirolak, bertsolariak, trikitilariak eta arratsaldean, hutsik egin gabe, pilota partidu profesionala Uranzu zaharrean.
Atzo ere, irundar eta bisitari askok ez zioten hitzorduari hutsik egin, baina oraingoan, desberdintasun bat izan du egun honek. Ohiko leku historikoa duen Urdanibia plaza obretan dago eta horregatik, handik gertu, Santiago kalearen ondoan dagoen Euskal Jai frontoiaren inguruetan egin dituzte abereen lehiaketa eta beste ekitaldiak.
“Niretzat, inguru honek ez dauka Urdanibia plazak eta honen zuhai-tzek egun honi ematen dioten xarma berezi hori. Hemen etxe eraikinak daude inguruan eta han, bestelakoa izaten da”, esaten zuen “kaletarra izan arren, urtero hutsik egin gabe” egun honetan Irunera etorri ohi den 66 urteko Luis Susperregi errenteriarrak.
TXOSNEN FALTA Susperregik berak eta beste askok, faltan bota zituzten Urdanibia plazan jaietarako jarri ohi diren txosnak. Uztailaren 1eko goiz eta eguerdi partean, batek baino gehiagok trago eta mokadutxoa hartu ohi ditu txosnetan, baina aurten, hauek eta musika kontzertu potoloenak Ficobara eraman dituzte, Urdanibia plazako lanak eta segurtasuna arrazoi.
“Nire ustez, San Martzial egunean Alardeetako milaka lagun Urdanibia plazan sartu ahal izan baziren, gaur ere abereen lehiaketa eta beste guztiak han egin ahal izaterik bazegoen”, esaten zuen Aitzol Larrañagak, 34 urteko irundarrak.
Beste zenbait jendek, txosnak faltan bota bai baina Euskal Jaiko inguruetan, Urdanibia plazarekin alderatuz, “leku zabal eta erosogoa” zegoela ere esaten zuten.
Tarteka euri zaparradak izan zituen egunarekin esan diete irundarrek, datorren urtera arte, San Pedro eta San Martzial jaiei.

No hay comentarios: