Lehenengo Txalaparta Eguna ospatuko dute bihar Meaka auzoan
- J.Z.
- IRUN
Txalapartaren doinuaz eta erritmoaz gozatzeko aukera paregabea izango da bihar, goizean goiz, Meaka auzoan ospatuko den lehengo Txalaparta Egunean. Nahiz eta euskal instrumentua izango den festaren ardatz, artisau azoka, tailerrak, dantza eta musikaz gozatzeko aukera ere izango da.
Txalapartaren Eguna antolatzearen ideia Meaka Festak sortu berri den taldeari zor zaio, Meaka Auzo Elkarteko kide batzuk bertan parte hartzen dutelarik. «Beste leku ba-tzuetan antolatzen dituzte horrelako ekitaldiak, baina gure auzoan lehenengo aldiz egingo da, baita Irunen ere», azaltzen du Enrique Aizpiolea Auzo Elkarteko kideak. Ekin-tza honen ideia «Irungo Txalapartiariak elkartean ikasten duten ba-tzuei bururatu zitzaien horren inguruan zerbait egitea eta data jarri genuen. Auzoko jaietako arratsalde tonto batean bat batean sortu zen», gogoratzen du meakatarrak.
Guztira hamar txalapartari, bi Iparraldetik etorritakoak, arituko dira auzoko tabernatan euskal instrumentuari doinuak ateratzen. 11:30ean hasiko dira txalapartariak Ola Sagardotegian eta Amona Kattalin Txokoan jotzen. «Geroxeago auzoko beste bi tabernetara joango dira, La Juanitara eta Borda Txikira, 12:30ak aldera, eta bertan beste saio bat egingo dute».
Txalapartarekin sortutako musika izango da biharko egunaren ardatz, baina ez ekitaldi bakarra. 11:00ak aldera Ola sagardotegiatik erraldoi eta buru handien kalejira aterako da, Txalaparta Egunari ongi etorria emango diona. Ordu berean, Mekako taberna desberdinetan artisau azoka bisitatzeko aukera ere izango da, gustu guztietarako produktuekin.
Baina ez bakarrik ikusi, baita ikasteko aukera paregabea izango da biharkoa. «Auzo Elkarteko patioan tailer bat izango dugu, 11:30etik aurrera, eta bertara hurbiltzen diren pertsona eta umeei txalaparta zer den, nondik datorren eta baita instrumentua jotzeko klaseak emango zaie», aurreratzen du Aizpioleak.
Erraldoi eta buru handien kalejira Borda Txikin amaituko da 13:30ak aldera, eta horren ostean herri bazkariari ekingo zaio, 40 pertsonantzat mugatuta egongo dena. «Auzoko ostatu bakoitzak plater bat egingo du eta horiekin menu bat osatuko dugu». Tiketak 15 eurotan saltzen dira eta auzoko taberna desberdinetan daude eskuragarri.
Aurtengo Txalaparta Egunarekin «dena ondo joaten bada eta jendea gustora egoten bada gure asmoa hurrengo urteetan errepikatzea da», azpimarratzen du Aizpioleak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario