“Irunekiko eta bere herritarrekiko erantzunkizuna eskatzen dugu”
Irungo EAJk Santano eta bere gobernu sozialistak Zaisako memoria pasa den ostiraleko udalbatzan bai edo bai onartzeko irrika azpimarratu du, nahiz eta honek ez dituen beharrezko bermeak jaso
Xabier Iridoyk, Irungo EAJko bozeramaileak, urtarrileko osoko bilkura positibotzat baloratu du. “Osoko bilkurara eraman genituen bi mozioak udal taldearen gehiengoaren onespenarekin onartu egin ziren. Alde batetik Gernika Batailoia-Batallón Gernika bezala kale edo plaza berri bat izendatzeari buruzko mozioa aurkeztu zen eta hau aho batez onartu zen, eta bestetik, 2001az geroztik egun arte indarrean dagoen terrazei buruzko ordenantza gaurkotzeko beharra jasotzen zuen mozioa ere, talde guztiek onartu zuten, PSEk izan ezik, hau abstenitu egin zen”, esan du Iridoyk.
Hala eta guztiz ere, Irungo EAJren iritziz, 2019ko lehen osoko bilkuraren alorrik aipagarriena honakoa izan zen: jarduera berri bat gauzatzearen aurrean, hain zuzen ere, trenbide-espazioa birsortzea bezalako jarduera berri baten aurrean, Zaisaren aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren bermea justifikatzeko memoria mahai gainean uztea. “Zergatik? Memoria horretan islatzen diren datuek ez dutelako inolaz ere Zaisaren oreka ekonomiko-finantzarioa bermatzen. Are gehiago, Santanok eta bere gobernu sozialistak aurkeztu zuten memoriak ez ditu aintzat hartzen espazioak izan ditzakeen beharrak, eta, horretarako, beharrezkoa izango litzateke, benetako Bideragarritasun Plan bat egitea, eta ez aurkeztu zigutena. Memoria horrek ez du ekintza horrek izan ditzakeen beharrekin bat egiten ezta aurreikusten ere, baizik eta irmotasunik gabeko datuetan oinarritutako dokumentua da. Horregatik, gure ustez, arduragabekeria izango litzateke oinarri segururik ez duen zerbait onartzea”. EAJk uste du hori ez dela Zaisaren egoera ekonomiko-finantzarioa bermatzen duen lan egiteko modua eta ezinbestekoa da horrelako gai batean segurtasunez jokatzea.
“Beraz, ez dugu uste memoria bat onartzeko prozedura egokia zenik, nahiz eta orain onartuko bagenu, gero aldatzeko aukeraren bat edukiko genukeen, ez dugu uste horrela jorratu behar direnik horrelako gaiak, ez da gure egiteko modua. Hasieratik ongi egin beharreko gauzak dira hauek, arduraz. Hori dela eta, arduraz jokatuz, Santano eta gobernu sozialistak iritziz aldatzea lortu genuen, nahiz eta hasieran hauek nahi ez izan. Horrela, proposamen hobea egiteko aukera izango dugu, berme guztiak betetzen dituen proposamena”.
Halaber, bozeramaile jeltzaleak gogoratu duenez, “Irunen datozen 100-150 urteetarako plan bati buruz ari gara hizketan, eta erabakiak hartzerakoan kontuan izan beharko genukeen datua da hau. Trenbide-gunearen birsorkuntzak aurrera egitea nahi dugu, eta uste dugu Zaisak izan behar duela eragiketa kudeatu behar duena, baina ez dugu nahi gatazka sortzen duten gaizki-ulertuak sortzea eta horrek Via Irun proiektuan atzerapenak eragitea. Eta osoko bilkurara gobernu sozialistak eraman zuen planteamendua erabat presazkoa izan zen, izan ere, kalkuluak eta aurreikuspenak ez daude behar bezala adostuta, ezta osoko bilkurak onartu ere”.
Amaitzeko, Iridoyk “bide irmoarekin Via Irunen aurrera egiteko apustua egiten dugu, baina behar den segurtasun ekonomiko-finantzarioa izan behar dugu horretarako. Hori dela eta, gure taldeak uste du zentzudunena dela diktamena mahai gainean uztea eta behin egoki garatua dagoenean berriro ere udalbatzara ekartzea. Hala memoriak udalean dauden udal-talde guztien adostasun politikoa izan dezan”, adierazi nahi izan du.
“Santano alkateak ezin ditu irundar herritarren aurretik bere interes politikoak eta hauteskunde interesak lehenetsi. Horrelako proiektu garrantzitsu batek erantzukizuna behar duelako, eta hori da osoko bilkuran eskatu genuena, Irunen eta bere pertsonenganakiko erantzunkizuna”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario