Zentro berria aurkitzeko erraztasunak eman dizkiete beste behin migranteei. Udalak bidea seinaleztatzeko konpromisoa hartu arren, euren kabuz egin behar izan dute lan hori.
Migrantzeentzako Irunen zabaldu berri duten zentrorako bidea seinaleztatzeko konpromisoa hartu arren, Irungo Udalak oraindik ez du pausorik eman. Egoera horren aurrean, Irungo Harrera Sareko kideek euren kabuz egitea erabaki dute. “Askotan azpimarratu dugu migranteentzako aterpetxerako bidea seinaleztatzearen garrantzia, baina badirudi erakundeei ez zaiela inporta. Udalak egiten ez badu, guk egingo dugu!”, adierazi dute sareko kideek.
Joan den astean HITZAk argitaratutako erreportajean sareko kideek salatu bezala, zentroa urrun dago: “Urrun dago zentroa, ezkutatuta. Guri ere kostatu zitzaigun aurkitzea. Pentsa sekula hiria zapaldu ez duen batek gauez hori aurkitu behar duela, erokeria da», dio sareko kide Amaia Ocak. Horregatik diote gautxorien presentzia are eta beharrezkoagoa bilakatu dela azken hilabetean, bide hori erakusteko. Hala, tren geltokitik hasi, eta ibilbide osoan zehar (Belaskoenea auzoraino) oin berdeak margotu dituzte, migranteei bidea erakusteko.
Ez da lehen aldia udalaren aldetik erantzunik gabe geratzen direla. Joan den martxoan ere, “udalaren ezezkoaren aurrean”, Martindozenearako bidea seinaleztatu zuten boluntarioek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario