lunes, 28 de octubre de 2019

Ordenantza fiskal "justu eta orekatuagoa" lortu nahi du EH Bilduk

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el lunes día 28 de Octubre de 2019.

Ordenantza fiskal "justu eta orekatuagoa" lortu nahi du EH Bilduk

"Zenbait zergei progresibitatea" ezarri dietela jakinarazi dute gaurko agerraldian, "zailtasunak dituztenei laguntzeko asmoz".
Briones, Melida eta Unanue, gaurko agerraldian.
Irungo EH Bilduk ere zerga eta tasen gainean landu duen proposamena jakitera eraman du gaurkoan. Jokin Melida, Oihana Briones eta Ane Unanue zinegotziek eskainitako agerraldian jakinarazi dutenez, zenbait zergei “progresibitatea” ezarri diete, “zailtasunak dituztenei laguntzeko asmoz”.
“Sinetsita gaude zerga eta tasen bidez politika publikoak ere sustatzen direla, eta zerga eta tasa hauekin, etxebizitzen alokairua, merkataritza txikia, mendekotasunen bat dutenen eta adinekoen egoera hobetzea izan dugu helburu”, adierazi du Melidak.
Zergei dagokionez, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) izan da koalizio subiranistak aipatu duen lehenengo gauza. Hala, zerga hori ordaintzeagatik ondorengo kasuak “salbuetsita” egongo direla nabarmendu dute: etxebizitza alokairua sustatzea helburu duen erakunde publiko baten esku uzten dutenek, etxebizitzaren jabea menpekotasun egoeran dagoenenean edo haren zaintzailea denean, etxebizitzaren jabea zahar egoitza batean erroldatuta dagoenenean eta herentzia bidez eskuratutako etxebizitzak lehenengo urtean.
Hobariak
Era berean, zerga berari dagokionean, zenbait hobari proposatu dituzte EH Bildutik, “gutxien dutenek gutxiago ordain dezaten”. Hala, lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta baxuagoa duten edo gizarte laguntzaren bat jasotzen duten bizikidetza unitateek, %95eko hobaria izango lukete. Gainera, 12.000-16.800 euro arteko errenta dutenek ordea, %75ekoa. Hutsik dauden etxebizitza guztientzat ere proposatu dute, %50eko gainordaina alegia.
Trakzio mekanikodun ibilgailuetan, historikoek duten %100eko hobaria kentzea proposatu dute, Agenda XIIek proposatutakoari jarraituz. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan bi proposamen aurkeztu ditu: bizikidetza unitatearen errentaren arabera %75eko hobaria ezartzea eta %95eko hobaria ezartzea nekazaritza ekologikoa ahalbidetzen duten instalazio edo obretan.
Tasei dagokionez, 30 langiletik beherako kooperatibek aktibitateen lizentzia eta aktibitateen irekiera tasek ezartzen duen kuotaren erdia ordaintzea nahi dute. Horrez gain, euskaraz grabatutako film, iragarki eta bideoek okupazio tasarik ez ordaintzeko proposamena egin dute.
Amaitzeko, Melidak honakoa gehitu du: “Oraindik ere, bide luzea egiteke dugu ordenantza fiskalen gainean. Baina ziur gaude, hauek guztiak onartuz gero, ordenantza fiskal justuago eta orekatuagoa izango dugula datorren urtean”.

No hay comentarios: