«Udalaren erabakiek pertsonen ongizatea gailendu behar dute»
EAJk gaurkotze orokorreko tasa bezala, urteko OHZa proposatzen du
Xabier Iridoyk eta Jose Corchonek, Irungo EAJko bozeramaileak eta zinegotziak, datorren urterako, 2020rako, eta datorren asteazkeneko udalbatzan aurkeztuko diren, zergen eta udal-tasen inguruan duten iritzia jakitera eman dute. «Urtero bezala, osoko bilkurak ordenantza fiskalen eta prezio publikoen gaurkotzea onartu behar du. Ordenantza hauek zergak, tasak eta udal-prezio publikoak arautzen dituzte. Bere kopuruagatik gainera, udalaren bigarren finantzaketa iturri garrantzitsuenak dira hauek, zehazki udalak dituen sarreren %40a dira. UFFFa (Udalen Finantzaketarako Foru Fondoa) %50a baino zertxobait gehiago da eta», argitu du zinegotzi jeltzaleak.
Hiritarrek ordaintzen dituzten zerga guztietatik, Udaletxeak konpetentzia erregulatzailea hauetan soilik du. Hau da, Udalak, hiriak edo herriak dituen beharren arabera, definitzen dituen bakarrak dira hauek. «Beraz, Udalak zerga hauetan konpetentzia fiskala gauzatzen du. Eta dakigun bezala, konpetentzia guztiek bere erantzukizuna ere badute. Horregatik, gure iritziz, konpetentzia honen erabilerak beti izan beharko luke zentzuduna eta aurreikus daitekeena, udaletxe batek ezin du bidegabekeriaz jokatu eta» aipatu du Iridoyk. «Are gehiago, orain urtebete, Alkate jaunak 2019ko tasak eta zergak izoztu egingo zirela iragarri zuen, ez zirela igoko, Udalak eta Finantzaketarako Foru Fondoak bizi zuten egoera onak zirela argudiatuz».
Hala ere, EAJk, gobernu sozialistak 2020rako aurkeztutako proposamena analizatu ondoren, PSE-EEk KPIa, Kontsumorako Prezioen Indizea, bikoizten eta hirukoizten duten igoerak proposatzen dituela ikusi du. “Ez dugu ulertzen, tasak eta zergak izoztu egingo zirela iragarri zenetik jaso diren datuak positiboak izanda, bai UFFFaren kitapenak, udalaren diru sarrerak, eta baita 2020rako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak argitaratu dituen aurreikuspenak ere… nola proposatu dezaketen orain KPIa hirukoiztea. Agian 2019ko zergen eta tasen igoera izozteko arrazoia ez zen argudiatu zutena? Beharbada hauteskunde urtea zelako izan zen? Horrela bada, jarrera guztiz arduragabea izango litzateke izan zutena. Gure iritziz, eta horrela babestuko dugu, udaletxe eta alkate batek, modu koherentean jokatu behar dute beti, interes alderdikoiak alde batera utziz” adierazi du Corchonek. “Ondorioz, udalak beharrak baditu, ordenantza fiskalak aurreikusi daitezkeen modu zentzudunean eguneratu behar dira. Udaletxearen sarrerak eguneratzea beharrezkoa da, eta hauteskundeak izan edo ez, beharra badago hauek eguneratu egin behar dira, bai ala bai».
EAJren hobekuntza proposamenak
Gobernu sozialistak aurkeztu duen proposamenaren aurrean, hau da; Ondasun Higiezinen gaineko zergak %1,5eko igotzearen aurrean jeltzaleek zerga hau KPIaren ehunekoa soilik igotzea planteatzen du. Gehiegikeria galanta da sozialistek proposatutakoak, beraiek proposatutakoak KPIa hirukoiztu egiten du, inflazioa % 0,5ekoa denean.
Halaber, ibilgailuen zergei dagokienez, gobernu sozialistak %1eko igoera proposatzen du, eta ibilgailu kutsatzaileenetarako %2a. «Guk, ordea, igoera orokor bezala KPIa izan dadila proposatzen dugu, eta ibilgailu kutsatzaileenetarako KPIa + %1a”, iragarri du Iridoyk. “Halaber, hobariei dagokienean ere beste hainbat proposamen landu ditugu; esaterako, 65 urte baino gehiagoko eta 15.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten adineko pertsonak bizi diren etxebizitzei Ondasun Higiezinen gaineko zergak %50a murriztea. Eta 30 urte baino gehiagoko ibilgailuei zirkulazio zergaren %90a ere murriztea, baldin eta hauek ez badira ohiko ibilgailuak».
Udal-tasei dagokienean, bide publikoko erabilera tasetan, merkataritzari eta ostalaritzari eragiten dion tasa zuzenean, gobernuak %2aren igoera proposatzen du. «Eta guk honetan argi dugu, uste askotan zehar esan dugun bezala Irungo merkataritza tinko sustatuko behar da. Horregatik ulertezina iruditzen zaigu, nola gobernu sozialistak, hain egoera ahulean dagoen merkataritza lagundu beharrean, honi zuzenean eragiten dion zerga hainbeste igotzen duen. Koherentziaz jokatu nahi badugu, esaten dena bete egin behar da. Horregatik, EAJtik, hainbestetan esan dugun konpromisoarekin aurrera egingo dugu, eta merkatariei eta ostalariei eragiten dioten tasa izoztea proposatzen dugu. %2aren igoerak momentu honetan KPIa lau aldiz areagotzea suposatuko luke eta, zentzugabekeria benetan merkataritza sustatu nahi badugu».
No hay comentarios:
Publicar un comentario