Ahal Dugu Euskadik martxan jarri duen Euskara Normalizatzeko Planak Irunen izan du bere erroa
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Podemos Ahal Duguren idazkari nagusiak, Miren Echeveste, eta euskara arduradunak, Eukene Lópezek, hizkuntzaren baitan alderdi barruan eman diren urratsen berri eman zuten. Echevestek aipatu zuen «instituzioen modu berean, alderdiek ere egin dezakete euskararen erabilera sustatzeko plana» eta lanketa horretan Ahal Dugu Euskadi «lehenengoa izan dela. Euskalgintzako jende asko oso motibatuta dago horrekin, oso pozik», esan zuen. Beste alderdi guztiak animatu zituen, «diagnostiko bat egin eta euskara normalizatzeko plan bat egin dezaten».
Eukene Lópezek argitu zuen Ahal Dugu barruan onartu eta martxan jarri den Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planak «Irungo zirkuluan izan zituela lehenengo urratsak. Eta azkenak ere». Lópezek adierazi zuenez, «Euskararen gaia alderdi moduan nola planteatu pentsatzen hasi ginen, gure zirkuluan eduki behar lukeen garrantzia nola eman. Hausnarketa bat egiten hasi ginen. Euskaraz bizi ahal izateko eskubidea zirkuluan ere gauzatu nahi izan genuen, nahiz eta jakin zirkulu batzuetan euskaldun kopurua mugatua den». Erronka horri erantzuna, «Euskaraldian planteatzen den bezala, alderdiaren barruan aireguneak sortzea» izan zen. «Ez da kontu erraza horrelakoak sortzea gaztelania denean denok ulertzen dugun hizkuntza bakarra, baina era naturalean aritzen gara zirkuluaren bileraren ondoren bileraren nondik norakoak euskaraz komentatzen. Baina hori ez da nahikoa». Hori dela eta, beste zirkulu, militante eta inskribatuen ekarpenekin «behetik gora, zirkulu, probintzia zein Euskadi mailan» garatu zen plangintza. «Orain dela hilabete bat aurkeztu eta dagoeneko martxan dago».
No hay comentarios:
Publicar un comentario