Jon Ugarte (e) eta Iban Eguzkitza. / Irungo Udala
Irungo Udalak, Euskara Arloaren bidez, Merezi duelako! ¡Por lo que más quieres! proiektua abiarazi zuen 2009an, euskararen familiarteko transmisioa sustatzeko. Bada, ekimen horren esparruan, Familia Ola programa sortu da: 2 urtetik 8 urtera bitartean dituzten haurren familientzako jarduera sorta bat.
Euskarako ordezkaria den Jon Ugartek azaldu duenez, “azken urteotan gauzatu izan da ekimen hau, euskararen familiarteko erabilera sustatzeko. Izan ere, hizkuntzaren familiarteko transmisioa bultzatzen lagundu nahi dugu, eta, bereziki, pixkana-pixkana etxeko komunikazio esparru formal zein naturalak berreskuratzen, geletatik haratago, erabilera txikiagoa baita familiartean”.
Horretarako,familia euskaldunentzako eta hizkuntza ondo jakin ez baina euskararen erabilera sustatu nahi dutenentzako aisialdiko jarduera antolatu dira, besteak beste, sukaldaritza tailerrak, eskulanak, irtenaldiak eta abar.
Ildo horretatik, larunbat honetan «Txantxariak» ekitaldia izango da Arbelaitz kalean 11etatik aurrera. Txantxariak munduan zehar han eta hemen dabiltzan pertsonak dira. Hainbat aukera proposatu nahi dizkiete haur, guraso eta irakasleoi. Zabaleta pertsonaia izango dugu bidelagun, Braulio astoarekin batera. Jolas dinamizazio musikatu bat izango da, denak dibertigarri, denak gogo-gozagarri. Iraupena ordu eta erdikoa izango da.