Kultura zinegotzia den Juncal Eizaguirre. / Irungo Udala
Irungo Udaleko Kultura Arloa 2020ko San Pedro eta San Martzial jaietako musika programazioa prestatzen hasi da. Aurreko urteetan bezala, irundarrek erabakiko dute zer taldek joko duten ekainean, eta, behin betiko kartela itxuratzen joateko, lehenik, bertako taldeak gonbidatuko dira.
Juncal Eizaguirre ordezkariak azaldu bezala, «Urtarrilean arraroa dirudi San Martzial jaiei buruz hitz egitea, baina musikaren arloa, taldeen agenda kontuak direla eta, Kulturaren arloan esku hartzen dugun lehen gauzetako bat da, eta aurten pixka bat lehenago hasi nahi izan dugu, tarte nahikoa izateko. Hilabeteak falta dira oraindik, baina, herritarrek erabakiko badute zer talde etorriko diren Urdanibia plazara ekainean, eta dena prestatzen hasi behar dugu. Azken batean, sanmartzialak ahalik eta parte hartze handienarekin ospatzea da gure helburua”.
Fase horretara iristeko, Kultura Arloak jakinarazi duenez, lehendabizi, beharrezkoa da hiriko eta inguruko musika taldeekin harremanetan jartzea. Alde horretatik, duela hiru urte, aldatu egin zen formatua, eta pixka bat aurreratu ziren jaietako kontzertuetan parte hartu nahi duten tokiko taldeek eskabidea Udalari bidaltzeko epeak, hasierako zerrenda egiteko lehenik eta, gero, zerrenda hori herritarren esku uzteko. “Horrela, zerrenda eguneratu bat dugu, eta hobeto doitzen dugu lehenengo aukeraketa. Gero, herritarrek bozkatzeko jartzen dugu zerrenda, kartelburu izango diren talde ospetsuenekin egiten dugun bezala”, argitu du Kultura Arloak.
Otsailaren 10era arte Besteak beste, honako baldintza hauek bete beharko dituzte taldeek, aurre-hautaketan parte hartu ahal izateko: taldekideen %50ak Irunen erroldatuta egon behar du, adinmugarik gabe; 60 minutuko errepertorioa bermatu behar dute, eta kontzertuegunetakoren batean jotzeko prest egon behar dute, hau da, ekainak 23, 27 eta 28an. Gainera, iazko jaietan jo ez zuen bat izan behar du taldeak.
Prozesu honetan parte hartzeko, eskakizunak betetzen dituzten interesdunek oinarriei erantsitako izen emate orria bete behar dute (udal webgunean eskuratu dezakete dena, www.irun.org helbidean), eta cultura@irun.org helbide elektronikora bidali, Otsailaren 10ean amaituko da epea. Informazio gehiago nahi izanez gero, Kultura eta Kirol Arloaren bulegoetara jo dezakete (Urdanibia plaza 6, behea), edo 943 50 54 10 telefono zenbakira deitu. Aukeratutako taldeek 1.000 euroko ordainsaria izango dute.
Programan parte hartzea
Laster, Kultura eta Kirol Arloak eskutitz bat bidaliko die sanmartzialetan jarduerak antolatu ohi dituzten kultur eta kirol entitateei, martxoaren 15era bitartean beren proposamenak aurkeztera gonbidatzeko. Norbanakoek ere egin ahalko dituzte proposamenak (gero, teknikariek baloratuko dituzte), cultura@irun.org helbidera idatzita edo Kultura Arloaren bulegoetara jota. Informazio gehiago, 943 50 54 07 telefonoan.