Noticia publicada en Diario Vasco,el domingo día 29 de Noviembre de 2020.
Euskaraldiako saioak modu telematikoan eta presentzialean burutu dira
Abenduaren 10ean ospatuko den balorazio jardunaldira deitu du antolakuntzak, bigarren edizioaren parte hartzearen jeitsiera aztertzeko
Euskaraldiako bigarren edizioak, 2018an bezala, formakuntza saioak burutu ditu, irundar guztiei zuzenduta. Aurtengo egoerak baldintzatu egin ditu eta, horregatik, modu presentzialean eta telematikoan tailer bakarra eskeini du antolakuntzak, pasa den azaroaren 14ean Palmera Monteron ospatuz.
Lide Rekondo izan da aurtengo koordinatzailea Irunen eta azaldu du saioa «roletan murgiltzeko eta zalantzak argitzeko» helburuarekin egin dela. «Aurreko edizioan egin ziren formazio saio batzuk eta aurten ere aukera eman dugu horietan parte hartzeko». Hauek irekiak izan dira eta hasiera batean bi tailer antolatu zituzten: bat Belarriprestentzat eta bestea Ahobizientzat. «Azkenean bakarra egin genuen, biak batera», azaroaren 14ean, isladatu du Rekondok.
- Parte-hartzea
- Euskaraldiako edizio honetan 2.179 irundarrek parte hartu dute, baita 93 entitateek. Izen-ematea azaroaren 24era arte luzatu zen.
- Rolak
- Horietatik, 1.679 lagunek Ahobizi rola hartu dute (%77ak) eta 500ek, berriz, Belarriprest (%23a).
- Ariguneak
- Parte hartu duten 93 entitateek ia 400 Arigune sortu dituzte, barne-ariguneak (taldearen barnean) nahiz kanpo-ariguneak (herritarrekin harremanean).
Formakuntza saioa AEKko irakaslea den Beñat Alzagak bideratu zuen. «Aholkuak eman zituen rolak ondo betearazteko, egoera errealeko adibideak emanez», kontatu du Lide Rekondo Irungo Euskaraldiako koordinatzaileak. «Giroa ona izan zen, baina egungo egoera dela eta ez zen jende asko hurbildu».
Honekin batera, Euskaraldia Batzordean Irungo lantaldeak egiten ari den lanaren jarraipena egiteko aukera eman zuen pasa den azaroaren 11ean. «10-15 lagunek parte hartu zuten bilera irekian, batzuk presentzialki eta beste batzuk telematikoki. Oso positiboa izan da modu mixto honetan aukera ematea», egungo egoerari egokituz.
Jende berriaren parte-hartzea
Azkeneko saioa abenduaren 10ean izango da eta aukera berdina emango du antolakuntzak, presentzialki Palmera Monterora hurbilduz edo, bestela, telematikoki. Lide Rekondok azaldu du «bereziki balorazio bat egiteko izango da. Aurtengo datuak aurkeztuko ditugu eta gero balorazio txiki bat egingo dugu Euskaraldia nola joan den ikusteko eta jendeak ea nola bizi izan duen jakiteko». Nabarmendu du lehenengo edizioarekin alderatuz, aurtengo parte-hartzea jeitsi dela. «Gainontzeko herrietan berdina gertatu da eta seguruenik koronabirusak eragina izan duela». Aldi berean aipatu du «jende berri asko parte hartu duela, pasa den edizioan apuntatu ez zena».
Irungo Udalak aurtengo edizioaren parte hartzearen datuak eskeini ditu. Euskaraldia azaroaren 20an hasi zen eta hurrengo abenduaren 4ean bukatuko da. Denetara, 2.179 norbanako eta 93 entitatek gehitu dira bigarren edizio honetara. Azaroaren 24era arte izan dute herritarrek Ahobizi edo Belarriprest roletara apuntatzeko aukera; horrela, norbanakoen hizkuntza-ohiturak astintzeko aukera luzatzen du Euskaraldiak.
Horietatik, Ahobizi rola hartu du gehiengoak: 1.679 irundarrek euskara ulertzen dutenei uneoro euskaraz egiteko hautua egin dute, partaideen %77ak. 500 lagunek (partaideen %23a), aldiz, Belarriprest rola hartu dute, hau da, euskara dakienak hari euskaraz egitea nahi du uneoro.
Aurtengo edizioan, norbanakoak ez ezik, taldeak ere ari dira ariketa egiten, horretarako sortutako Ariguneetan. Irunen 93 entitatek eman dute izena, eta ia 400 Arigune sortu dituzte, barne-ariguneak (taldearen barnean) nahiz kanpo-ariguneak (herritarrekin harremanean).
Egitarau kulturala
Honekin batera, Irungo Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskaraldia ekimenaren barruan. Hauek pasa den azaroaren 25ean hasi ziren eta hurrengo abenduaren 5era arte luzatuko dira.
Gaur bertan, arratsaldeko 19.00etan Amaia Kultur Zentroan,Axut!, Artedrama eta Dejabuk ekoiztutako 'Zaldi Urdina' antzerkia ospatuko da. Sarrera dohakoa da eta hauek irun.org/sarrerak webgunean eskatu behar dira.
Asteartean, abenduaren 1ean, 'Zoaz pake santuan' helduentzako antzerkia eskeiniko da. Hilaren 3an, Euskara Nazioarteko Egunean, bertso saio berezia ospatuko da Amaia Kultur Zentroko Areto Nagusian. Euskararen egun handia ospatzeko, '... nahi dugu hitz eta jolas' izenaren gain burutuko da emanaldia. Bertan, Oihana Bartra, Julio Soto eta Maite Berriozabal bertsolariek 'Euskarak gure bizitza nola zeharkatzen duen' gaia landuko dute.
Egitaraua abenduaren 5ean bukatuko dam'Laburbira'-rekin, euskarazko film laburren XVII. Zirkuituarekin. Azken honetarako euskara@irun.org helbidera idatzi behar da sarrerak lortzeko. Bukatutakoan, Yolanda Mazkiaran zuzendariak solasaldia eskeiniko du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario