Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el jueves día 19 de Noviembre de 2020.
Udalak «euskaraz far egiteko» egitaraua antolatu du Euskararen eguna ospatzeko
Ekimenak hilaren 25ean hasiko dira eta abenduraren 5era arte luzatuko dira, 3an bertso saio berezi bat Amaia Kultur Zentroan gauzatuz
Aurtengo Euskaraldia bihar hasiko da eta hurrengo abenduaren 4ra arte luzatuko da, Euskararen Nazioarteko Eguna 3an delarik. Horretarako,Irungo Udalak hainbat ekimen antolatu ditu hau ospatzeko, egitaraua hilaren 25etik abenduaren 5era luzatuz. David Izak, Irungo normalizazio arduradunak, pasa den astelehenean prentsaurrekoan azaldu zuen ekintza hauek «euskaraz far egiteko aitzaki onak» direla.
Antolatutako ekimenek azaroaren 25ean izango dute hasiera, Amaia Kultur Zentroan taularatuko den 'Txor Txor' umorezko bakarrizketarekin, Nerea Arriolaren eskutik. Egitaraua abenduaren 5ean bukatuko da 'Laburbira'-rekin, euskarazko film laburren XVII. Zirkuituarekin. Azken honetarako euskara@irun.org helbidera idatzi behar da sarrerak lortzeko, baita azaroaren 28ko Musika Eskolako auditorioaren egingo den Kantujirarako ere.
- Azaroak 25
- 'Txor Txor' umorezko bakarrizketa.
- Azaroak 27
- Ene kantak talde nafarraren 'Liluragarria, gorputz barrura goaz'.
- Azaroak 28
- Glu Glu taldearen 'Mari Errauskin' atzezlana eta 'Kantujira' saioa.
- Azaroak 29
- Axut!, Artedrama eta Dejabuk ekoiztutako 'Zaldi urdina'.
- Abenduak 1
- 'Zoaz pake santuan' helduentzako antzerkia.
- Abenduak 3
- Bertso saio berezia '... nahi dugu hitz eta jolas' gaiarekin.
- Abenduak 5
- 'Laburbira', euskarazko film laburren saioa.
Azaroaren 27an, Ene kantak talde nafarrak familientzako 'Liluragarria, gorputz barrura goaz' ikuskizuna estreinatuko du Amaia KZn, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, abesti eta koreografien bidez. Azaroaren 28an arratsaldeko 17:00etan, aldiz, Glu Glu taldearen 'Mari Errauskin' familientzako antzerkia programatu da. Antzerki taldeak antzerkirako ipuin klasikoen moldaketekin egiten du lan eta printzesen ipuinari buelta emango dio: gelako liderra eta eskolako printzesa sentitzen den ume bat izango da protagonistetako bat. Azaro amaieran, 29an arratsaldeko 19:00etan Amaia Kultur Zentroan, Axut!, Artedrama eta Dejabuk ekoiztutako 'Zaldi urdina' ikuskizuna antzeztuko da, drogen gaia isladatzen duen antzezlana.
85 entitateen parte hartzea
Abenduaren 1ean umorearen txanda izango da, izan ere, 'Zoaz pake santuan' helduentzako antzerkia eskainiko da. David Iza arduradunak azaldu zuen honen istorioa: «Bi dira pertsonaiak, senar-emazteak, eta daraman bikote bizimodu aspergarriarekin amaitzeko, emazteak gizona pozoitzea erabakitzen du».
Abenduaren 3an, Euskara Nazioarteko Eguna, bertso saio berezia ospatuko da Amaia Kultur Zentroko Areto Nagusian, '... nahi dugu hitz eta jolas' izenaren gain. Oihana Bartra, Julio Soto eta Maite Berriozabal bertsolariek 'Euskarak gure bizitza nola zeharkatzen duen' gaia landuko dute. Ekitaldi guztiak doan dira, 'Mari Errauskin' izan ezik. Gainontzekoetarako gonbidapenak Turismo bulegoan jaso ahal izango dira edo Amaia Kultur Zentroaren leihatilan, ekitaldi bakoitzaren egunean bertan.
Monica Martinezek, Irungo Udaleko Euskara ordezkariak, hirian «euskararen erabilera bizia izatea»ren desioa azaldu zuen. «Irungo norbanakoek eta entitateek euskaraz aritzeko ahalegina» egitera animatu zuen. Horrekin batera, deia egin zuen Euskaraldiak irauten duen bi asteetan eta urteko gainontzeko egunetan «euskaraz mintzatzera».
Irunen 85 entitatek izena eman dute Euskaraldian parte hartzeko eta honekin batera, ia 400 arigune sortuko dira bihartik abenduaren 4ra bitartean. Gainera, dagoeneko 1.652 lagunek izena eman dute aurtengo Euskaraldian parte hartzeko. Horietatik 1.302 ahobizi dira eta 350, berriz, belarriprest.
No hay comentarios:
Publicar un comentario