Biharko Euskararen Egunaren harira, Irungo talde moreak erabileraren sustapenerako hartu dituen konpromisoen berri eman du gaurko agerraldian.
Biharko Euskararen Egunaren harira, Irungo Ahal Duguk zenbait mezu helarazi nahi izan ditu. Miren Echeveste taldeko idazkari nagusiak eta euskara arduradun Eukene Lopezek agerraldia egin dute gaur, “euskararekin eta euskararen sustapenarekin dugun konpromisoa argi uzteko”.
Biharkoa euskaldunentzat “egun berezia” dela gogoratu dute lehenik. “Hizkuntzak komunikatzeko tresnak baino askoz gehiago direlako; baloreak, sentimenduak, gauzak egiteko moduak, pentsatzeko moduak, eta nortasunak sustraitzen dituztelako. Gu garena zehazten dutelako”, adierazi du Echevestek. Gizarte osoaren babesa behar duen hizkuntza dela nabarmendu dute, eta irundarrei euskaraz hitz egiteko mezua zabaldu diete. Bide batez, bigarren Euskaraldian parte hartzera ere gonbidatu dituzte herritarrak.
Lopezek bestalde, euskara “eguneroko ondare kulturala” dela nabarmendu du gaurko agerraldian. Euskaraldiaren bigarren edizioari begira, hurrengo erronka taldearen barruan “ariguneak” sortzea izango dela dio, “gure hondar alea jarrita”. Alderdiaren barruan euskara normalizatzeko plangintza bat sortu dutela diote, eta gabeziak eta indarguneak aztertu ostean, proposamen zehatzak egin dituztela. Herritarren zirkuluetan ere euskararen egoeraren azterketa bat egin dutela kontatu dute. “Erronka handia dugu aurrean, baina ausardia eta irudimena ez zaigu falta. Azken batean, euskara etengabe balioetsi eta babestu behar dugu, biztanle guztiok partekatzen dugun ondare baliotsuenetako bat den heinean”, gehitu du Lopezek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario