Azaroaren 16tik 21era ospatuko da Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdia. / Irungo Udala

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak eta Aizpea Goenaga FICABeko zuzendariak Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Jaialdiaren xehetasun guztiak eman dituzte astearte honetan, prentsaurrekoan; azaroaren 16tik 21era egingo da eta 20. Edizioa izango du. Aurtengo ekitaldia COVID-19aren pandemiak eragindako egoerak markatu du; beraz, hasiera batean, zer neurri hartuko dituzten aurreratu du lehiaketako Antolakuntzak, «Ez da nolanahiko edizioa izango».

«Inoiz ez genuen imajinatuko hogeigarren urteurrenaren edizio biribil honetara egoera honetan iritsiko ginenik. Egokitu eta jaialdia aurrera eraman beharra dago, ditugun mugen barruan eta ezarritako neurriak betez. Hala ere, ahalik eta lehiaketa onena egiten saiatuko gara, duela 20 urte sortu zenean zituen helburu berberekin: kalitatezko apustua gure kultur eskaintzan, historia, arkeologia, zinema eta ikusle guztientzako entretenimenduarekin», nabarmendu du Kulturako ordezkariak.

Jaialdiaren egoitzak

Irunen Amaia KZ eta Oiasso Erromatar Museoa izango dira jaialdiaren egoitzak, eta Donostian, Aquariuma, eta lehenengo aldiz, Tabakalera. Gune horiek aurrez aurreko saioak hartuko dituzte, higiene- eta osasun-berme guztiekin eta agintariek une bakoitzean ezarritako arauekin bat etorriz.

Saio gehienak, aurreko urteetan bezala, 17:00etan eta 19:00etan izango dira, eta Amaia KZ izango dute egoitza nagusia. Edizio honetan, 17:00etako saioak, «Gure sorreratik gaur egunera» izenburupean, Amaia KZko hitzaldi-aretoan egingo dira, CBAn egin ordez, handiagoa dela aprobetxatzeko. Azaroaren 16an izango da lehenengo saioa, 17:00etan.

Jaialdiaren inaugurazioa 19:00etan hasiko da, eta Kamerata Oiasso taldeak emanaldia eskainiko du. Jendeak zenbakitutako gonbidapenak izango ditu, 19:00etako saioetara joateko. Turismo bulegoan, Amaia KZn eta www.irun.org/sarrerak webgunean jaso ahal izango dituzte.

Aurten ere, Donostiako Aquariumaren laguntza izan dugu; horrela, gure jaialdiaren irismena gipuzkoar publikoari zabaltzea lortzen dugu. Aquariumeko saio presentziala datorren ostegunean, azaroaren 19an, egingo da 18:30etatik aurrera. Aquariumean proiektatzen ditugun filmek lotura dute urpeko arkeologiarekin eta itsaspeko munduarekin:

– «Deep time crabs», Marcelo Peres, Nicola Tagliabue. Italia. 2019
– “Arqueomanía: La Marmotta”, Manuel Pimentel. Espainia. 2020
– “L’Odyssée de la Jeanne Elisabeth”, Marc Azéma. Frantzia. 2019

Jaialdiaren atarian, azaroaren 14an, larunbatean, 12:00etan, Donostiako Tabakalera Zentroan «Ingeniaritza erromatarra: meatzaritza» filmaren aurreestreinaldia egingo da. Film dokumental hau José Antonio Muñizek zuzentzen du, eta Digivision produktoreak RTVErako egiten duen sail bat da, eta besteak beste, Aiako Harrietako eta Oiasso meatzeetako irudiak jasotzen ditu. Foru Aldundiaren laguntzarekin egin dute dokumentala.

Online leihoa

Bestalde, Festhome plataforma izango da XX. Ficaben online egoitza. Jaialdiko emanaldiez etxetik doan gozatu nahi duenak azaroaren 16tik aurrera sartu ahal izango dahttps://tv.festhome.com/ff/festival-internacional-de-cine-arqueologico-del-bidasoaficab-online/1846/187885 helbidearen bidez.

Sail ofizialaz gainera, Orona Fundazioak babestutako jaialdiko hezkuntza-saileko filmak plataforma honetan egongo dira eskuragarri interesa duten ikastetxe guztientzat.

Hauek dira hezkuntza saileko filmak:

– «Twelve decades of discovery». Nikos Dayandas. Grezia. 2019
– «Tintin et le mystère de la momie Rascar Capac». Fréderic Cordier. Belgika. 2019
– «First among equals». Nikos Dayandas. Grezia. 2019
– «Mächtige Männer, onhemächtige Frauen?». Birgit Tanner, Carsten Gutschmidt, Alemania, 2019
– «Ercolano e Pompei. Visioni di una scoperta». Pietro Galifi. Italia, 2018
– «Vellem esse gemma». Alicia Satué. 2020

Hezkuntza-saileko film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpitituluekin. «Mächtige Männer, ohnemächtige Frauen?» flmak, gainera, proiektu pedagogiko bat izango du, ikastetxeek aukera izan dezaten historian zeharreko generogaiak lantzeko klasean.

ONCErekin elkarlanean

Edizio berezi honek berrikuntza gehiago ere badakartza. Besteak beste, lehen aldia izango da jaialdian film bat, «Ingeniaritza erromatarra: errepideak», ikusmen urriko pertsonei egokituta emango dela, Gipuzkoako ONCEren laguntzari esker. Filmak audiodeskribapen-sistema bat dauka, gailu mugikorretan doan deskargatu daitekeena «AUDESC Mobile» aplikazioaren bidez. Hitzordua, asteazkenean, 19:00etan.

Jaialdiaren amaiera-ekitaldia azaroaren 21ean, larunbatean, egingo da, 18:00etatik aurrera. FICABen hogeigarren urteurrena ospatzeko, Bizinema Bang Bang-ek girotuko du eta «The Mummy» (1999) filma proiektatuko da.

Era berean, gogoratu behar da datorren asteazkenean, azaroaren 12an, 19:00etan, «Neandertal, el misterio de la Cueva de Bruniquel» proiektatuko dela, aste hauetan zehar FICABeko Epaimahaiaren Sari Nagusiaren irabazleen zikloko azken filma, oso erantzun positiboarekin garatzen ari dena.

Gainera, Oiasso museoan, «FICAB 20 urte» atzera begirako erakusketa dago, jaialdiaren ibilbidea eta alderdi ezberdinak errepasatzen dituena. Erakusketa honetan, «Allekoaitzeko Kobaundie» filmaren VR ikuskera eskaintzen da. David Soutok eta Greendong Productionsek egindako 360 dokumentala da, Aita Barandiaranek eta Paco Etxeberriak Aiako haitzuloan egindako ikerketa arkeologikoei buruzkoa.

Jaialdiko filmak Amaia Kzn

Astelehenean, hilak 16

– 17:00 «A arte rupestre nos Campos Gerais», Karla Nascimento. Brasil. 2020
– 19:00: «First among equals». Nikos Dayandas. Grezia. 2019
– 19:40: «Des-extinción», Alfonso Par, Espainia. 2019

Asteartean, hilak 17

– 17:00: «Os enigmas do Cabeço da Mina», Rui Pedro Lamy, Portugal, 2019
– 17:30: «Arqueomanía: Pirineos», Manuel Pimentel. Espaini. 2020
– 19:00: «À la rencontré du Neanderthal», Rob Hope, Pascal Cuissot, Frantzia, 2019
– 20:00: «Pyramid builders, new clues», Florence Tran, Frantzia. 2019

Asteazkenean, hilak 18

– 17:00: «Twelve decades of discovery», Nikos Dayandas, Grezia. 2019
– 17:15: «Arqueomanía: Escuela de gladiadores», Manuel Pimentel, Espainia. 2020
– 17:45: «Arqueomanía: Herculano», Manuel Pimentel, Espainia. 2020
– 19:00: «Ingeniería romana: carreteras», José Antonio Muñiz, Espainia, 2020
– 20:00: «Ingeniería romana: carreteras», José Antonio Muñiz, Espainia, 2020

Ostegunean, hilak 19

– 17:00: «Konto Hona», Omar El-Mishad, Egipto. 2020
– 17:10: «Le refuge oublié», David Geoffroy, Frantzia, 2019
– 19:00: «Tintin et le mystère de la momie Rascar Capac», Fréderic Cordier, Belgika, 2019
– 20:00: «Mächtige Männer, ohnemächtige Frauen ?», Birgit Tanner, Carsten Gutschmidt, Alemania, 2019

Ostiralean, hilak 20

– 17:00: «Written in Stone», Farhad Pakdel, Iran, 2016
– 17:20: «Sauver Notre Dame», Quentin Domart, Charlène Gravel, Frantzia, 2020
– 19:00: «La Questione Aretina: storia de una fortezza construita contro una città», Gaetano María Mastroncinque Italia, 2018
– 19:25: «La Alhambra en juego», José Sánchez Montes, Espainia, 2020

20 urte zine arkeologikoarekin

Jaialdia 2001ean sortu zen Irungo Udalaren eta Arkeolan Fundazioaren eskutik, arkeologia eta Oiasso museo erromatarra gizarteratzeko zorroztasun zientifikoa eta dibulgazio-izaera uztartuko zituzten dokumentalen bidez. Bi hamarkada hauetan, 15.000 ikusle inguruk gozatu ahal izan dituzte doan arkeologia, historia eta kultur ondarearekin lotutako 53 herrialdetako 400 film baino gehiago. Hogei urte hauetan, egoera zailak gainditu ditugu, eta oraingoan ere egingo dugu, herritarrei kalitatezko zinemaldi arkeologikoa eskaintzen jarraitzeko.