Noticia publicada en Conecta Bidasoa,el martes día 17 de Noviembre de 2020.
Eguberrietan, bertako saltokien aldeko apustua
Irungo Udala Zabaltza plazan egingo den azoka bat prestatzen ari da. Irungo dendek eta hiriko artistek parte hartuko dute, eta segurtasun neurriak beteko ditu
Azken asteetan, urtero Eguberrien karietara Irungo merkataritza txikia sustatzeko antolatzen diren jarduerak prestatzen dihardu Irungo Udaleko Hiri Bultzadako Arloak. Aurten, COVID-19aren pandemiaren bilakaeraren araberakoa izango da programa, eta aurrera eramaten diren jarduerek ezarritako segurtasun neurriak beteko dituzte.
Mahai gainean jarri diren jardueren artean bada bertako saltokien Eguberrietako azoka bat, abenduaren 18tik 27ra bitartean jarriko dena. Udalak hirugarren urtez jarraian egin du ekimen horren alde, baina, aurten, handiagoa planteatu du, etxola gehiagokoa eta Zabaltza plazan egitekoa, pandemiaren ondorioei aurre egiteko ezarritako segurtasun neurri guztiak errazago hartu ahal izateko.
Juncal Eizaguirre ordezkariak adierazi duenez, “Eguberriak funtsezko garaia dira beti bertako saltokientzat, eta, urtez urte, azoka honek harrera ona izan du. Horregatik, ekimen honen bidez, sektoreari laguntzen jarraitu nahi dugu, are gehiago une honetan, formatua handituta eta segurtasun neurri guztiak hartuta”.
0 km azoka
Zurezko hamabi etxola jarriko dira Zabaltza plazan; bi, ostalaritzarako. Segurtasun neurriak direla-eta, hesitu egingo da azokaren eremua, edukiera kontrolatzeko, eta, bertako artisten eta argi berezien laguntzaz, dekoratu ere egingo da. “Ez da izango betiko dekorazioa. Azoka made in Irun izatea nahi dugu, eta, horregatik, bertako saltokiek ez ezik, irundar artistek parte hartzea nahi dugu, eta Zabaltza plaza arte areto inprobisatu bat bihurtzea, azokan barrena sakabana daitezkeen proposamen artistikoak egiten dituena eta inguru osoa girotzen duena. 0 km-aren aldeko apustuaren bidez, gertuko saltokiak eta kultura babestea da gure helburua, egungo egoeran okerren dauden sektoreetako bi baitira”.
Eguberrietako azokan parte hartu eta beren produktuak saltzearren etxola bat esleitzea nahi duten saltokiek Irungo Udalarekin harremanetan jarri behar dute, 943 505 335 telefono zenbakira deituta edo fgonzalez@irun.org helbidera mezu elektroniko bat idatzita. Aurreko urteetan parte hartu ez duten saltokiek lehentasuna izango dute.
Azoka eremuaren sarreran, edukiera, segurtasun distantzien errespetua eta gel hidroalkoholikoaren eta maskararen erabilera egokia kontrolatzeko arduradunak izango dira. Behin bisitariak eremuan sartuta, berriz, markatutako bideari segitu beharko zaio, eta segurtasun distantziak errespetatu. Gainera, egun bakoitzaren bukaeran, azokako instalazioak garbituko dira.
Bestalde, Hiri Bultzadako Arloak jakinarazi duenez, aurten ez da jarriko izotz pistarik. Aurreko urteetako Eguberrietako kanpainen barruko jarduerarik aipagarrienetako bat izaten zen, eta, programatutako jarduera paraleloekin batera, ingurune komertzialak dinamizatzea izaten zuen helburu, gure saltoki txikietan kontsumitzea bultzatzeko; ildo horretatik, Irungo dendak babesle izaten ziren.
Hori dela eta, COVID-19ak eragindako egoera kontuan izanda, Hiri Bultzadako Arloak pista instalatzea egokia zela helarazi zion sektoreari, Merkataritza Mahaiaren bitartez, non bertako merkataritza elkarteek parte hartzen duten, zein denda partikularrei egindako inkesta baten bidez. Pista eta hartu beharreko segurtasun neurriak bateragarri egiteko zailtasunak ikusirik, ordea, azkenean, Eguberri hauetan pistarik ez instalatzea erabaki da, eta arreta guztia higiene eta segurtasun neurri guztiak betetzen dituen azoka sendo batean jartzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario