miércoles, 3 de agosto de 2016

“Gero eta ikusle eta parte-hartzaile gehiago ditu Irungo Euskal Jirak, eta horrek asko pozten gaitu”

Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el miércoles día 3 de Agosto de 2016.

IÑAKI OLAZABAL VÁZQUEZ IRUNGO EUSKAL JIRAKO PRESIDENTEA

“Gero eta ikusle eta parte-hartzaile gehiago ditu Irungo Euskal Jirak, eta horrek asko pozten gaitu”

Iñaki Olazabalek 41 urte ditu, irakaslea da ogibidez eta larunbatean Irunen egingo duten Euskal Jiraren presidentea duela hilabete gutxitik hona
XABIER SAGARZAZU - 2016(e)ko abuztuaren 3a, asteazkena - 06:09etan eguneratua
Iñaki Olazabal Vázquez

“Bederatzi gurdi izatea kopuru polita da eta pozik gaude, hauek prestatzeak lan handia eskatzen baitu”
IRUN - Iñaki Olazabalek gogoan du nola “txikitandik, gurasoekin batera” beti atera izan den Irungo Euskal Jiran, eta nola “17 urterekin, Elitxu elkartean sartuta zegoen lagun batekin, Euskal Jirako txosnan laguntzen” hasi zen. Ondoren, “Asier Martiarenak, presidentzia hartu zuenean”, presidenteorde egin zuen, “duela hamabi urte”. Orain, zoritxarrez, Martiarenaren lekua “inoiz nahi ez izaneko moduan” hartu behar izan du, bere lagun eta aurrekaria lan istripuz hil baitzen joan den martxoko hasieran.
Bereziki zailak izan dira azken hilabeteak bai zuretzat, bai Euskal Jira antolatzen duen taldearentzat?
-Dudarik gabe. Asier Martiarena laguna genuen eta Euskal Jiraren bihotza zen, langile nekaezina, talde bati bultza egiten dioten pertsona horietako bat. Bere heriotza kolpe handia izan zen guztiontzat. Oso ezaguna eta maitatua zen Asier, eta faltan botako dugu. Baina aurrera egin beharra zegoen Euskal Jirarekin. Azkenean, indarrak atera ditugu eta hemen gaude, beste behin, gauzak ahalik eta ondoen egiteko asmoz. Baina kostako zaigu berak ematen zuen guztia ematea. Niri presidente izatea suertatu zait, zoritxarrez, baina talde lana da hau. Amaia Lera presidenteordea, Lucas Quintana idazkaria, Angel Formoso diruzaina eta Asier Olazabal eta Kristina Arretxe daude nirekin lanean, beste zenbaitekin batera.
Zer izango duzue aurtengo programan? Berrikuntzarik bai?
-Euskal Jiraren bezperako kontzertuan, ostiralean, Ametsa abesbatza eta Kemen Dantza Taldea batuko zaizkio Irungo Bandari. Ikuskizun polita izango delakoan nago. Eta larunbatean bertan, Irunek hiri bezala 250 urte betetzen dituela eta, bisita antzeztua egingo da udaletxera, garai hartako hiri izendatzea nolakoa izan zen ezagutzeko, Iñaki Garrido historialariaren eskutik. Proposamena egin ziguten eta gustura egin dugu ideia honekin bat.
Euskal kulturaren alderdi desberdinak isladatzen dituzten gurdiak dira Euskal Jiraren funtsa, desfilea bera ikusgarri egiten dutenak. Zenbat izago dituzue aurten eta nola baloratzen duzue parte-har-tzearen alderdi hau?
-Lan handia eskatzen du gurdiak prestatzeak, eta honetarako ere, orduak sartzearekin batera, gurdi hauek prestatu eta gordetzeko lekuaren beharra dago. Zorionez, asko irabazi dugu zentzu honetan, Udalak Letxunborroko pabiloi batean lekua egin ahal izan zigunetik. Aurten bederatzi gurdi izango dira larunbateko desfilean: Laugarren aldiz jarraian, Euskal Jira berarena, Hendaiako gurdi bat ere izango dugu eta hor egongo dira Irungo Euskal Kirolak elkartearena, Behobiakoa, Meakakoa, Kemen Dantza Taldearen gurdia, Santiago auzokoa eta aurtengo bi berriak, Anakako Kofradiarena eta Foro Hogeitabat elkartearena. Izan ditugu noizbait hamabiren bat gurdi Irungo Euskal Jiran, baina bederatzi edo hamarren bueltan egotea kopuru polita da eta pozik gaude. Lan handia da gurdiak prestatzea eta zentzu horretan, nahikoak baditugula uste dut.
Gurdiez aparte, irundarren parte-hartzeak gora egin al du azken urte hauetan Euskal Jiran?
-Nik esango nuke baietz eta gainera, Euskal Jira adin guztientzako jaia izanik, gero eta familia gehiago ikusi ahal dira gure desfilean. Guraso zein seme-alabek berdin eta elkarrekin disfrutatzen dute egun honetaz. Pozik gaude zentzu horretan.Eta esango nuke ere espaloietan urtero gero eta ikusle gehiago izaten ditugula, abuztua eta oporraldia izanik ere.
“Zaila da Asier Martiarenaren hutsunea betetzea, baina aurrera egingo dugu, lan talde polita dugu eta”
Argazki lehiaketa ere antolatzen duzue azken urteetan. Ondo funtzionatzen al du?
-Hamargarren urtez egingo dugu aurten Euskal Jirako argazki lehiaketa. Denboran iraute horrek esan nahi du jarraipena eta parte-hartzea izaten dituela. Sariak politak izaten dira dirutan eta gainera, irabazleak, hurrengo urteko Euskal Jiraren kartelean ager-tzearen sari berezia ere badauka. Pozik gaude zentzu honetan lehiaketak izaten duen erantzunarekin.
Nola animatuko zenituzke irundar zein bisitariak larunbat honetan Euskal Jiran parte hartzera edo bera ikustera joateko?
-Esango nieke oso egun polita dela, jai giro apartekoa eta euskal kultura eta ondarearen ingurukoa. Anima daitezela parte hartzera edo ikustera. Eta ahal bada, alkandora zuria eta zapiarekin jantzita. Egun osoan giro polita izango da Irunen: dantzariak, herri kirolak, sagardoa, sardina eta txistorra jatea... Oso ondo pasako dute, seguru!

Programa

OSTIRALEAN
Euskal Jira Jaialdia. Irungo Musika Banda, Ametsa abesba-tza eta Kemen Dantza taldearen eskutik, 22.30ean, Urdanibia plazan.
LARUNBATEAN
Egun osoan zehar. Urdanibia plaza jaigune izango da. Txosna, dantzariak, trikitixak, bertsolariak, herri kirolak, gurdien erakusketa (18.00ak arte) eta erromeria egunaren amaieran.
Bisita antzeztua. Udaletxera, 12.00etan, 1766ko hiriaren sorrera gogoratuz.
Desfilea. 18.00etatik aurrera, hiriko kaleetan zehar
.

No hay comentarios: