Irundarrek dagoeneko behin betiko 19 proposamenak aukeratu dituzte.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, amaitu dute 2020ko aurrekontu partehartzaileen prozesua. Orotara, prozesu orokorrean aurkeztutako guztietatik, 7 proposamen izan dira bozkatuenak; gazteen atalean aldiz, 12.
Atzo gauen itxi zuten botoa emateko aukera. 950 lagun inguruk hartu dute parte prozesuan, orain arteko bigarren urte partehartzaileena izan da (iaz 1.419 lagunek parte hartu zuten). Ondorengo zazpi proposamenak izan dira prozesu orokorrean bozkatuenak:
- Hiriko bidegorri sareko zenbait tarteko hobekuntza lanak amaitzeko 170.000 euro inbertitzea (444 boto).
- Kultur eskaintza handitzeko 150.000 euro bideratzea (383 boto).
- Zebra pasabideetan oinezkoentzako zintzarriak txikitzeko 50.000 euro inbertitzea (341 boto).
- Oinaurreko Garapenerako Hirigintza Planeko kirol eremuaren proiektua egiteko 50.000 euro bideratzea (285 boto).
- Zakur kakak kontrolatzeko eta jabeei isunak jartzeko kanpainarako 109.000 euro bideratzea (277 boto).
- Led argiekin kaleko argiztapena hobetzeko 300.000 euro inbertitzea (275 boto).
- Haurrentzako ekoparke bat eraikitzeko 18.000 euro inbertitzea (235 boto).
Era berean, hiriko 41 gaztek hartu dute parte gazteen ataleko kontu partehartzaileetan, 16-30 urte bitartekoek alegia. Hala, ondorengo proposamenak izan dira bozkatuenak:
- Irungo gazte elkarteen ekipamendua hobetzeko 20.000 euroko laguntza ematea (21 boto).
- Aisialdi alternatiboa sustatzeko ekintzak egiteko 30.000 euro bideratzea (15 boto).
- Zeinu hizkuntza ikasteko tailerrak egitea (20.000 euroko inbertsioa, 14 boto).
- Gazte elkarteentzako 20.000 euro inbertitzea (13 boto).
- Sexu aholkularitza zerbitzua (18.000 euroko inbertsioa, 12 boto).
- Lan bila ari diren gazteentzako formaziorako 6.000 euro inbertitzea (11 boto).
- CBA liburutegiko ordutegia luzatzea (16.941 euro, 11 boto).
- Aisialdiko monitore eta zuzendari ikastaroak (30.000 euro, 7 boto).
- Asteburuetan abenturazko jarduerak egiteko 15.000 euro gehiago inbertitzea (5 boto).
- Poltsa berriztagarrien erabilera sustatzeko kanpainak egitea (20.000 euro, 5 boto)
- Graffiti, hip-hop, parkour eta bestelako kale kultura sustatzea (15.000 euro. 5 boto).
- Film laburren edota sketch-en inguruko lehiaketa bat antolatzea (8.000 euro, 5 boto).
No hay comentarios:
Publicar un comentario