Mezua baikor plazaratu
Etorkizunari ilusioz beterik begiratu zioten irundarrek Euskararen Egunean. | Iazko Euskaraldiaren esperientzian motibazioa aurkitu dute tokiko euskalzaleek datorren urtekoa itxaropentsu prestatzeko
Jauzika dator euskara, zioen aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunerako Eudelek proposatu eta, besteak beste, Irungo Udalak, aho batez, onartutako Adierazpen Instituzionalak. Plazara jauzi, honakoan, Irunen egin zuena. Euskal Herri mailan garatutako ekimenak, Alde Zaharraren bihotzean aurkitu zuen hemen bere lekua. Leku dotorea ere.
Mezuak plazaratzea zen helburu. «Euskararen eta Euskaraldiaren inguruan bizipenak eta desioak zabaltzea», zehaztu zuen Udal Euskara teknikaria den David Izagak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da bigarren Euskaraldia «eta horri begira beroketa ariketa modukoa da hau».
Irunen, Bitaminerekin elkarlanean prestatu zen aktibitatea. «Euriaren arriskua zegoela eta karpa bat jartzea pentsatu genuen», adierazi zuen artista elkarteko Carlos Sánchezek. Baina ez ohiko karpa, «gardena baizik. Barruan gertatzen dena kanpotik ikusteko aukera eman nahi genuen. Garrantzitsua iruditu zi-tzaigun jendea barrura sar zedin». Barrukoa, egia esan, erakargarria zen. Alde batetik, lan egiteko mahaiak eta aulkiak, bestetik, egongela eroso bat; argi kordelak, txukunak, horrelako giro epela sortzen zuten kanpoko hotz latzaren aurka. «Kafetxo bat edo txokolate bat hartzeko aukera ere badago», zioen Sánchezek.
Beharbada egongelaren asuntuak erakarriak, beharbada euskararekiko jarrera positiboek bultzatuak, gauza da goizez eta, batez ere arratsaldez, handik eta hemendik hainbat irundarrek parte hartu nahi izan zutela esperiantzia honetan.
Hitzak opari
«Mezuak oihal batean idatzi ditu jendeak», argitu zuen Sánchezek, «gero plazan zintzilik jartzeko, baina ez hori bakarrik. Parte hartu duten askok, uste baino gehiagok, elkarrizketatuak izan dira bere mezua ahotsaren bitartez plazaratzeko». Elkarrizketa horiek, mikrofonatuak, baflen bidez Urdanibia plaza osoan entzutera emateko, Tessa Andonegik egin zituen.
«Topaketa bitxiak egiten dituzu horrelako ekimen batean», zioen berak. «Inoiz ez dakizu zenbat jende etorriko den eta hitzegitera animatuko den, baina gaur jendea oso prest ikusi dut, euskarararen inguruan ausnarketa egitearen alde». Orokorrean, utzitako mezuak oso baikorrak ziren eta ilusio handiz begiratzen diote euskararen etorkizunari eta datorren urteko Euskaraldiari. «Iazkoaren inguruan jende askok aipatu du motz egin zitzaiola hamaika eguneko epea, pena zela urte osorako ez izatea identifikatibo horiek». Beste gauza bat azpimarratu zuen Andonegik. «Galdetu diet ea erresistentziarik topatu duten lehen hitza euskaraz egitean. Gehiengoak ezetz esan du, harrera ona duela bere lehen hitz horrek baita euskaraz ez dakitenen artean».
Antolatzaileek hitzak oparitu zizkieten parte hartu zuen orori. «Sonoridade aldetik edo esanahiagatik maite dugun hainbat hitz hautatu ditugu eta pegatinatan jarri: zurrumurru, zerumuga, maitekiro, zirrikitu... Soinean eramateko edo beste bati oparitzeko», adierazi zuen Sánchezek. Eguna borobiltzeko, arratsaldez, Sagartu dantza-antzerki saioa egin zen plazan bertan eta karpa isterakoan, 19.00etan, heldu den urteko Euskaraldiaren adierazpena irakurri zen. Euskal Herriko herri guztietan momentu berean egin zen hau.
No hay comentarios:
Publicar un comentario