David Izaga (e), Iban Eguzkitza eta Monica Martinez. / Irungo Udala
Astelehen honetan, Euskarako ordezkaria den Monica Martinezek eta Arloko zuzendaria den Iban Eguzkitzak jakinarazi dute Irungo Udala 2019-2020 zikloko Euskaraldian lanean ari dela dagoeneko. Bigarren edizioa datorren urtean izango da, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, eta, oraingoan, protagonista nagusiak hiriko entitateak izango dira.
“Bueltan da joan den urtean gure artean euskara erabiltzea bultzatzen jarraitzeko ariketa soziala egiteko sortu zen ekimena. Formatuak antzeko norabideari jarraituko dio, ahobizi eta belarriprestekin, baina, oraingoan, hiri bakoitzeko entitateek protagonismo handiagoa izango dute, Euskaraldia aurrera eramateko gune edo taldeak sortuko baitituzte”, argitu du Monica Martinezek.
Horiek horrela, 16 urtetik gorako irundarrek iaz bezala parte hartu ahalko dute, ahobizi edo belarriprest rola hartuta: ahobiziek euskaraz egingo diete ulertzen dieten guztiei, nahiz eta erantzuna beste hizkuntza batean jaso, eta, ezezagunekin, lehenengo hitza euskaraz egingo dute beti; belarriprestek, berriz, berekin euskaraz egitera gonbidatuko dute, ulertu egiten baitute, eta nahi duten hizkuntzan erantzungo dute.
Bigarren edizioan ere, parte hartzaileek zer rol (ahobizi edo belarriprest rola) aukeratu duten identifikatzeko txapak eramango dituzte soinean, eta nork bere inguruan egingo du ariketa, bere eguneroko harreman sarearen baitan: familiartean, lagunartean, lantokian, ikastegian, dendetan… Inertzia linguistikoak iraultzea eta euskarazko eguneroko komunikazioa posible dela frogatzea izango da helburua.
Ariguneak
Bigarren edizioan, berritasun bat izango da: ariguneak. Hiriko entitateek ahobizi eta belarriprestak elkartzeko sortuko dituzten gune edo taldeak izango dira ariguneak, euskaraz lasai egiteko topaguneak. Entitateek (dendek, enpresek, elkarteek, klubek…) antolatuko dituzte topaketak, eta bitarikoak izan ahalko dira:
– Barne ariguneak entitate bakoitzeko kideek (adibidez, enpresa bateko langileek) osatutako talde itxiak izango dira.
– Kanpo ariguneak antolakunde barruko zein antolakundetik kanpoko pertsonek osatutako talde irekiak izango dira; adibidez, euskaraz hitz egin ezin duten baina ulertu ulertzen duten denda bateko arduradunek beren denda Euskaraldian parte hartu nahi duten pertsonen topaleku izatea erabaki ahalko dute.
Bigarren edizioak antolakunde eta entitateetan euskararen erabilera sustatzea izango du helburu, eta laster jakinaraziko da noiz eta nola eman izena.
Kike Amonarriz
Giroa berotzen hasteko, Euskara Arloak informazio saio bat antolatu du, non Kike Amonarrizek parte hartuko duen: urriaren 10ean, 18:30ean, Palmera-Montero gunean, soziolinguista eta aurkezle ezagunak hitzaldi bat emango du, solasaldi modura, ikus-entzuleek ere parte hartzeko.