IRUN
Bildu udal taldeak Etxez Etxeko Zerbitzuaren inguruan sortutako «lan gatazka» salatu du
17.04.14 - 00:04 -
Bildu udal taldeak Etxez Etxeko Zerbitzuaren inguruan sortutako «arazoak» salatu zituen atzo. Irungo Bilduk azaldu zuenez, «Valoriza enpresa etxez etxeko zerbitzua kudeatzen hasi eta bi hilabetera lan gatazka berri bat loratu da gure hirian. Ongizateko batzorde informatiboan udal teknikariek bost langilek kaleratze abisua mahai gainean dutela adierazi digute».
Udal taldeak gogorarazi zuenez, «2013ko uztailean zerbitzu honetako langileak greba batean murgildu ziren beraien lan baldintzen eta zerbitzuaren aldeko borroka aurrera eramanez. Grebaren eta Arquisocialek aurrera zeraman kudeaketa txarraren ondorioz enpresari kontratua ez luzatzea erabaki zuen udal gobernuak, kontratazio prozedura berria abian jarrita».
Azkenik, Valoriza enpresak lortu zuen zerbitzuaren azpikontrata. Kontratazio prozedura honen aurrean «gure kezka adierazi izan dugu. Gure aldarria den kudeaketa zuzena egin genuen, enpresa hau kooperatiba baten bidez edo enpresa publiko bat sortuz kudeatua izan zedila azpimarratzen genuenean».
Eskaerak udal Gobernuari
Bildu udal taldearen iritzian, «jaso berri dugun albiste hau udal Gobernu honek zerbitzu publikoen kontratazioarekin daraman politikaren beste adibide bat besterik ez da. Ezin ditugu ahaztu OTA-TAO-ko, Kiroldegietako eta aipatutako etxez etxeko zerbitzuko lan gatazkak. Baina haratago doa, udal honek zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku uzten ditu eta uzteko asmoarekin jarraitzen du, aurkeztutako proposamen eta alternatibei inongo jaramonik egin gabe».
«Zerbitzu publikoak inbertsio soziala dira», azpimarratu zuen Bilduk, «eta ezin da baimendu irabazi ekonomikoak zerbitzua jasotzen duten eta ematen dutenen eskubideen gainetik egotea». Adierazi zuenez, taldeak ez du onartuko «enpresa baten irabaziak langileen lan baldintzen gainetik jartzea». Horregatik, zenbait eskaera egin diote Udal Gobernuari. Lehenik eta behin, «ez dezala onartu bost langileak kaleratzea», eta «baldintza hau lortzerik ez badu, enpresak kontratua bete ez duela ulertzen dugu eta, beraz, enpresarekin daukan kontratua etetea». Azkenik, Bilduk udal Gobernuari eskatu zion «zerbitzu hau zuzenean kudeatzeko proposamen berriak aztertzen hastearen konpromisoa hartzea».
No hay comentarios:
Publicar un comentario