IRUN
Loidi Bekaren laguntzaz egindako lana aurkeztu du Manuel Padillak
Euskararen ikertzaile den kordobatar honek aintzinako zuberotarraz dagoen Santa Elizabet Portugalekoa pastoralaren esku izkribua aztertu du
10.04.14 - 00:33 -
IÑIGO MORONDO | DIARIOVASCO.COM |
1750. urtean data duen 'Santa Elizabet Portugalekoa' zuberotarrez idatzitako pastoralaren ikerketa eta edizio kritikoa egiteko asmoa aurkeztu zuen duela 12 hilabete Manuel Padilla Moyanok Loidi Bekaren lehiaketa publikoan eta baita diru-laguntza irabazi ere. Urtebeteren bueltan, Kordoban jaiotako euskal filologo honek atzo aurkeztu zuen bere lanaren emaitza.
Pastoral honen inguruan egindako ikerketan informazio ugari aurkitu du Padillak, garrantzizkoa zenbait kasutan, bai antzezlan honi dagokionez, baita aroko zuberotar euskalkiaren inguruan ere. Lehenbailehen argitu behar da esku izkribu bati buruz ari dela, Baionan gordeta dagoena baina, berez, Eskiula udalerrian ida-tzia izan zena, Zuberoko ekialdeko mugan. Egia esan, herri hau Bearneko herrialdean kokatzen da baina, euskara eta euskal kulturari dagokionean, zuberotartzat hartzen da. «Lan potoloa egin du Padillak hilabete hauetan», aurkeztu zuen Fernando San Martín, Euskara arloko ordezkariak. Euskarazko ikerketak bultza-tzeko asmoa duen Loidi Beka antolatzen dutenek aitortu zutenez, «interes handia genuen lan honen emai-tzak ezagutzeko».
Padillari eman zion hitza ondoren, ikerketaren gorabeherak esplikatu zitzan. «Esku izkribu baten inguruan ari nintzen lanean, argitaratu gabea». Honek buruhauste ez gutxi ekarri zizkion. «Askotan oso zaila zen idatzitakoa 'n' bat, 'u' bat hala 'r' bat zen jakitea. Testuinguruan aukera ezberdinak onar zitezkeen esan nahi oso ezberdinekin». Hortaz, transkripzioa egiterakoan «zenbait erabaki hartu behar izan dut aukera ezberdinen artean».
Idazlearen grafia ez da aurkitu duen zailtasun bakarra. «Ezezagunak ziren hitzak ere topatu ditut». Ikerketan sakonduz jakin izan zuen «zenbait kasutan, bearnesaren ku-tsua zuten hitzak zirela». Sintaxiarekin zerikusia duten zailtasunak ere topatu ditu eta «gure euskaran harritzen gaituzten, baita gaurko zuberotarrak harritzen dituzten, perpausak eta deklinazioak oso ohikoak ziren orduan». Hizkuntza aberastasuna izan da, beharbada, oparoena. Noski, hiztegi aldetik, orduko hi-tzak, bearneseko eta frantsesezko influentziak... baina baita beste hainbat gauzatan ere: ahotsetan, grafismoan eta hitzegiteko eran. «Errege eta nobleen hitzegiteko moduak oso ponposoak aurkezten dira. Herritarrenak, askoz biziagoak. Badaude umorerako tarteak, elkarrizketa eskatologikoak... Eta askotan 'noka' erabiltzen da eta hau ez da batere arrunta». 'Noka', Padillak berak adierazi zuenez, «emakume batek beste emakume batekin hitzegiterakoan erabiltzen den hika modua da, bere aditz bereziekin». Ederra, egia esan, Padillak ezarritako adibideak ikusita.
Pastoral hauek «gaur egungoen antzera antzezten ziren, baina oso luzeak ziren eta bi egunen buruan antzezten ziren. Santa Elizabet hau, 80 orrialdeko esku izkribua da, 1.593 'berset' ditu, 26.000 hitz inguru».
Nahiz eta lana bukatua egon, «ikerketa ez dago itxita». Hala ere, argitaratzeko prest bai. «Hortan gaude», zioen San Martinek. «Behar den bezala egin nahi dugu, edizio on batean. Ikusiko dugu noiz egin dezakegun». Txostenean pastoralaren testua bere jatorrizko grafian utzi da baina «argitaratzekoan, honez gain, oraingo grafian ere sartuko genuke».
No hay comentarios:
Publicar un comentario