sábado, 23 de enero de 2021

"Nire helburua euskararen zeharkakotasuna bermatzea da"

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el sábado día 23 de Enero de 2021.

MIREN ETXEBESTE, IRUNGO UDALEKO EUSKARA ORDEZKARIA

"Nire helburua euskararen zeharkakotasuna bermatzea da"

Azaroan izendatu zuten Euskara zinegotzi Miren Etxebeste. Argi esan du euskara lehenesteko apustuaren aldekoa dela, eta uste du hizkuntzaren politizazioari aurre egin behar zaiola.

Zein helburu bete nahi dituzu euskararen normalizazioari dagokionez?
Bi oinarri nagusi ditugu hirian: bat udala eta bestetik herria. Normalizazioa udaletxeko langileekin egin behar da, eta horretarako plan bat dago martxan. Asmoa, langileen artean euskararen erabilera sustatzea da.
Hiriari dagokionez, euskarak ez du euskara arloan egiten diren kontuena bakarrik izan behar, kultura eta kirolean egiten diren jarduerak euskaraz egin behar dira. Gehienetan euskaraz egiten dira, baina ez dago horrela jasota inon.
Oraintxe bertan nire helburua euskararen zeharkakotasuna bermatzea da, beraz.

Irunen, %7,6k hitz egiten du euskaraz kalean, eta %90k gazteleraz. Normalizazioa bai, kontzientziazioa ere?
Azken batean, kontua hizkuntzak zertarako erabiltzen ditugun da, nola erabiltzen ditugun eta non sentitzen garen eroso. Askotan ohitura kontua da, hau Topaguneak eta Euskara Kontseiluak argi ikusi dute. Izan ere, jende askok eta askok ulertzen du euskara eta badaki ikasi duelako. Neurri batean batzuk gehiago edo beste batzuk erosoago sentitzen dira, baina azken batean, ohitura kontua da. Esfortzu bat egin behar da ohiturak aldatzeko. Kontzientziazioa? Behar da, bai, baina ez kontzientziazio aktibista. Askotan bultzatu da aktibismoaren ikuspuntutik eta hori ez dut uste egokiena denik. Euskara maite duenak erabiliko duelako euskara, bere hizkuntzetako bat delako, baina ez aktibismotik.

Euskara politizatuta dagoela uste al duzu?
Bai. Izan ere, ondo hitz egiten ez duen jende askok ez dauka sentimendu aktibista hori euskararekin, eta beraz, esan dezake, ‘ba, zertarako hitz egin?’. Nire ustez gaia ondo bideratu behar da, gehiegi politizatu delako. Sentimendu independentistarekin elkartu da, eta euskara denon hizkuntza da. Gainera, euskaraz hitz egiten da hemen eta Idahon. Boiseko euskaldunak, estatubatuarrak sentitzen dira, ez dira euskaldunak sentitzen eta independentzia askotan bost axola zaie estatubatuarrak direlako. Beraiek ez al dira bada euskaldunak? Bai, badira. Hortaz, kontuz ibili behar gara horrekin. Politizazio horri aurre egin behar zaio, euskaran hobetu nahi baldin badugu. Kontzientziazioa baino, motibazioa esango nuke. Gizartea motibatzeko moduak aurkitu behar dira.

Zein baliabide edo erraminta uste duzu behar direla Irunen euskararen erabilera sustatzeko?
Aisia, kultura eta teknologia berriak. Apustu argia egin behar da euskara lehenesteko. Udalak antolatzen, sustatzen eta diruz laguntzen dituen ekitaldi guztietan euskara izan behar da komunikazio hizkuntza. Batez ere, biztanle gazteei zuzendutako ekintzetan. Gazteleraz dakitela argi dago. Udalak normalizazio eta motibazio horretan aurrerapauso bat ematea eta herrian euskararen erabilera sustatzea nahi badugu, gaztelera hondarrean erabili behar dugu gazteekin egiten diren jardueretan, eta euskaraz bakarrik funtzionatu.

No hay comentarios: