Atzo berriro erdiguneko anbulatorioan bildu ziren herritarrak, jaurlaritzak osasun sistemaren «kudeaketa negargarria» egin duela salatzeko. Hilaren 30erako manifestazioa iragarri du Osasungintza Publikoaren Babeserako Hiritar Sareak.
Atzo ere jendetza elkartu zen Irungo erdiguneko anbulatorioan, Osasungintza Publikoaren Babeserako Hiritar Sareak deitutako deiari erantzunez. Osakidetzako langileei elkartasuna adierazi zieten beste behin, eta honako eskaera zuzena egin zioten Eusko Jaurlaritzari: «osasun sistema publiko indartsu bat».
«Eusko Jaurlaritzak jasotzen dituen Europako diru funts eta partiden bitartez ez dituelako inolako inbertsiorik egiten altxorra bezala zaindu beharko genukeen proiektuetan. Aldiz, handikeria eta handinahi izugarriarekin, ezertarako balio ez duten eta Ekosistema hondatzeaz gain, sekulako arrakala ekologikoa sortzen duten AHT, Donostiako metro, Zubietako Erraustegi, Zaldibarreko zabortegi eta abarrean sekulako dirutza xahutzen dute», esan zuten amorruz atzoko elkarretaratzean.
Jaurlaritzak osasun sistemaren «kudeaketa negargarria» egin duela ere esan zuten atzokoan, osasun langileen ratioan, lan baldintzetan eta azpikontratatuak dauden zerbitzuetan «egoera tamalgarria» dela.
Azken mobilizazioetan bezalaxe, honakoa eskatu zuten atzo: lehen mailako artapen zerbitzuetan baliabide gehiago inbertitzea, BPGaren gutxieneko %7a osasun sistema publikora bideratzea, diru iturri itxiera gehiagorik eta pribatizaziorik ez dutela nahi eta errebertsio eta publifikazioa.
Bada, borrokarekin jarraitzeko asmoz, kaleak hartuko dituzte herritarrek hilaren 30ean (larunbata da). Izan ere, manifestazioa deitu dute Irunen. 12:00etan abiatuko dira erdiguneko erietxetik, eta San Juan plazara abiatuko dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario