Errotu aurkeztu du Bidasoa bizirikek, pertsona migratzaileen lan inklusioa errazteko programa
Migratzaileei egoitza eta lan baimenen prozesuan laguntzeko helburuarekin sortu dute Errotu. Hamar pertsonen parte hartzearekin hasi da egitasmoa, eta ostalaritza munduan oinarrituko da formakuntza.
Errotu aurkeztu du Bidasoa bizirik egitasmoak, Lanbideko Arraio deialdiaren barruan onartutako programa berria. Pertsona migratzaileen lan formakuntzaren eta lan inklusioaren aldeko proiektua izango da, horren bidez, egoitza eta lan baimenak lortzekoan erraztasun gehiago izateko helburuarekin. Ostalaritza munduko hamar enpresen laguntza izango du egitasmoak, proiektuko partaideei lan eskaintzak eman ahal izateko.
Hamar pertsonek parte hartuko dute proiektuan. Bidasoa bizirikek adierazi du parte hartzaileak prestakuntza prozesu batean daudela gaur egun. Ibilbide horietan hainbat arlo jorratuko dituzte, hala nola atzerritartasun arloko aholkularitza juridikoa (Adiskidetuak elkartearen laguntzarekin) edota orientazio indibiduala. Horrez gain, ostalaritza sektorean lan praktikak egingo dituzte, ondoren lan kontratu bat lortzeko aukerarekin.
Sukaldaritzako oinarrizko eragiketak jorratzen dituen MF_0552_1 ikastaroa egiten hasi dira, eta urtarrilaren 22ra arte luzatuko dute hori bera. Ondoren, MF0257_1 (jatetxe eta tabernako oinarrizko eragiketak) kurtsoarekin jarraituko dute. “Errotu programari esker gure eskualdeko ekonomiaren sektore giltzarri bat indartzeko aukera izango dugu, hau da, ostalaritza. Horrela, eskualdeko kohesio sozialarekin eta garapen ekonomikoarekin dugun konpromisoa indartzen jarraitzen dugu”, adierazi du Bidasoa bizirik egitasmoko lehendakari Nuria Alzagak.
Geroz eta oztopo gehiago
Bidasoa biziriken konpromisoa ez ezik, proiektuko parte hartzaileena nabarmendu nahi izan du Estitxu Urtizberea lehendakariordeak: “Migratzaileen prozesu pertsonala oso gogorra da, eta geroz eta oztopo administratibo gehiago aurkitzen dituzte. Horregatik, Errotu bezalako proiektuei esker eskualdeko laneratze prozesua aurreratzeko aukera izaten dugu”. Azkenik, Alzagak eskerrak eman die haien ondoan izango diren hamar enpresei, haien laguntza “funtsezkoa” izango baita prozesu guztian zehar.
No hay comentarios:
Publicar un comentario