viernes, 24 de enero de 2025

Irugurutzetako labeen inguruan obrekin hasiko dira

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el jueves día 23 de Enero de 2025.

Irugurutzetako labeen inguruan obrekin hasiko dira

Hamabi hilabete iraungo dute eta eremu osoa bisitarien erabilerarako berreskuratzea da asmoa. Interpretazio zentroa eguneratuko dute, eta estalpe bat sortu sarreran.

Irugurutzetako meatzeetan interpretazio zentroa eguneratzeko eta museo instalazio bat eraikitzeko obren esleipena egin dio Obras Especiales Construccion e Infraestructuras SAU enpresari Irungo Udalak. Proiekturako aurrekontua osotara 1.750.474,23 eurokoa da eta horietatik 1,3 milioi euro Next Generation funtsek finantzatuko dute. Lanak egiteko epea 12 hilabetekoa da.

Lan hauen bidez Aiako Harriko parke naturalera sartzeko ate bat sortuko dute, baliabide digitalak eta ondare elementuak izango dituen museo instalazio baten bidez. Halaber, Irungo meatzaritzarren iragana sustatu nahi dute, XX. mendeko meatze jarduerarena, hain zuzen. Turismo helmuga bilakatzea du helburu udalak, labe bateria hau Euskal herriko garrantzitsuenetarikoa baita.

Labeen inguruan ez ezik, Aiako Harriaren inguruko meatze hondarren, akueduktuen, meatze zuloen eta galerien inguruan ere jardungo dute. Horretarako, naturgunea garbituko dute, labeak segurtasunez sendotu eta irisgarritasuna hobetzeko lanak ere egingo dituzte.

Gainera, gune estali bat sortuko dute eremura gerturatzen direnentzako eta hiru solairutan banatuta egongo da. Horiek igogailu baten bidez konektatuta egongo dira, plataforma guztietara iristeko xedez. Eraikinak, berriz, elkartzeko gune bat eta interpretazio gune bat izango ditu, labe bateriara sartzeko, besteak beste.

Jarduketa bitan bereiz daiteke. Batetik, eremu osoko elementuak berreskuratuko dituzte eta jasangarritasuna kontutan hartuko dutela jakinarazi dute. Era horretan, landaretzako sasiak kenduko dituzte eta garbiketa egingo dute, natura eta biodibertsitatea babestu eta indartuko dituztela ere azaldu dute.

Interpretazio zentroa eguneratu egingo dute eta horretarako barrualdea birgaitu egingo dute, eta argi naturala aprobetxatzeko asmoa adierazi dute. Zerbitzu azpiegiturak ezarriko dituzte ere, hala nola, saneamendua, hornidura, energia fotovoltaikoa, argiztapena, aireztapena etab. Guztiak energian efizienteak izango direla baieztatu dute.

Behin lanak bukatuta, tren berdearen zerbitzua berriro martxan jartzeko asmoa dauka udalak; trena %100 elektrikoa izango da, eta hiriaren erdigunea eta inguru hori lotuko ditu. Honek 450.000 euroko kostua izango du, eta horietatik 200.000 euro Next Generation funtsetatik finantzatuko da.

No hay comentarios: