Txingudiko kirol elkarteen lankidetza hizpide, Ficoban
Topaketa bat egingo dute Irun, Hendaia eta Hondarribiko elkarteek otsailaren 5ean. Lankidetza estrategiez arituko dira, BATen, Klink elkartearen eta Bordeline Fabrikaren esperientzietatik.
Erakundeen arteko lankidetzak eragin positiboa izaten du erakundeen garapenean, hala uste du Aurrera Irun elkarteak. Bide horretan, Irun, Hendaia eta Hondarribiko hainbat kirol elkarte gonbidatu ditu eta topaketa bat egingo dute otsailaren 5ean Irungo Ficoban. Asmoa, Txingudiko elkarte mugimendu osoari mesede egingo dioten aliantza estrategikoetan inspirazioa eragitea da.
Elkarlanaren inpaktu positiboa aztertzen arituko dira eta hiru aurkezpen egingo dituzte horretarako. Asmoa, modu profesionalean lan egiten duten elkarte eta kluben arrakasta kasuak ezagutzea izango da, gero denboran iraunkorra den eredu bat sortzeko.
Esperientziak partekatzen arituko dira Bidasoa Atletiko Taldea (BAT), Klink elkartea eta Borderline Fabrika. Parte hartzaileek aukera izango dute elkarlanak kirolaren esparruan hazkundea eta berrikuntza nola bultza daitezkeen ulertzeko.
Halaber, balizko bazkideak identifikatu ahalko dituzte, elkarrekin proiektuak garatzeko eta horien inpaktua handitzeko. Gainera, beste erakundeen esperientziatik ikasteko topaketa izango da; beste erakundeek arrakasta eduki duten estrategiak partekatuko baitituzte.
Parte hartzeko izena eman behar da orrialde honetan sartuta.
Erronka berriak
Egun, kultura, kirol eta bestelako elkarteen erronka nagusia boluntarioak erakartzea eta atxikitzea da. “Bizi erritmo bizkorrak, denbora librerik ezak eta belaunaldi berrien lehentasunen aldaketek zaildu egiten dute boluntariotzako jardueretan parte hartzea”, azaldu du Aurrera Irunek.
Erronka honen aurrean, funtsezkotzat jo dute motibatzeko eta konprometitzeko modu berriak aurkitzea, eta esperientzia aberasgarri bat eskaintzea, era horretako proiektu guztiak garatzen laguntzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario