miércoles, 29 de enero de 2025

Kontsumitzaileen eskubideez jabetzeko kanpaina

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el martes día 28 de Enero de 2025.

Kontsumitzaileen eskubideez jabetzeko kanpaina

Kontsumitzaileen eskubideen berri izateko kanpaina bat abiatu dute hiriko 34 saltokitan. Formulario bat da horretarako proposamena, eta parte hartzaileek bonu batzuk irabazteko zozketa batean parte har dezakete.

Kontsumitzaileen eskubideak sustatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin, kanpaina bat jarri du martxan Irungo Udalak. Gaur goizean egin dute kanpaina berri honen aurkezpena Sandra Castelo Kontsumoko ordezkariak, Nuria Alzaga Hiri Bultzadako ordezkariarekin batera.

Kanpaina honen izena Bermearekin kontsumitu. Irunen erosi da eta Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoak sortu du, Irungo saltokiekin elkarlanean. Oraingoz, 34 saltokik eman dute izena eta horiek kartel bat jarriko dute parte hartzen dabiltzala jakinarazteko.

Parte hartzeko denda horietara joan behar da eta bertan formulario bat bete beharko dute. Zenbait galdera erantzun topatuko dituzte bertan, kontsumitzaileen eskubide eta betebeharren galderez osatutakoa.

Formulario hori dendan bertan egongo den urna batean sartu beharko da, eta kanpainaren bukaeran zozketa bat egingo dute parte hartu eta erantzunak asmatu dituztenen artean. Irabazleek 60 eta 30 euroko erosketak egiteko bonu bat irabaz dezakete eta horietako 40 bonu dira zozkatuko dituztenak.

Formularioak otsailaren 1etik martxoaren 1era bitartean egongo dira eskuragarri. Ondoren, martxoaren 6an egingo da zozketa, betiere erantzunak asmatzen dituztenen artean. Azkenik, martxoaren 15ean, Kontsumitzaileen Eskubideen Egunean, bonuak irabazleei entregatuko dizkiete, ekitaldi batean.

No hay comentarios: