‘Familia Ola’ ekimena hitzordu berriekin dator otsailean. Irungo Udaleko Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzuak antolatuta, hiriko ikastetxeekin eta Hezten Aisialdi Euskaltzea elkartearekin elkarlanean antolatutako programa honen helburua ikastetxeetan ez ezik beste hainbat esparrutan ere familiek euskaraz hitz egitea, horretarako hainbat espazio eta aukera eskainiz.

Jon Ugarte Euskara zinegotziak nabarmendu zuenez, ‘Familia Ola’ programaren barruan pasa den azaroan egin ziren ekimenak “oso arrakastatsuak” izan ziren. Izan ere, Basoa ikuskizun-tailerrean 55 lagunek hartu zuten parte, Yoga tailerrean beste 55ek eta Arditurrira irteeran 37k.

Oraingoan, bi lantegi eta beste txango bat antolatu dira. Maria Viñas Euskara teknikariak azaldu zuenez, lehenengoa Zentzumenen tailerra izango da, otsailaren 11n eta 13an Eguzkitza ikastolan egingo dena, 17.30etik 19.00etara. “Gure zentzumenak erabiliz jolastu eta eskulan ezberdinak egingo ditugu”, esan zuen.

Bestalde, otsailaren 18an eta 20an Inauterietako tailerra egingo da, ordu eta leku berdinean. “Maskarak egingo dira eta, bakoitzaren sormenetik abiatuz, parte-hartzaileek mozorroak egin ahalgo dituzte”.

Azkenik, otsailaren 22an Albaola Faktoriara irteera bat egingo da, non baleazale eta arrantzaleen istorioak ezagutaraziko diren ipuin-kontaketen eta tailerren bidez. Gehienez 30 lagunek har dezakete parte, baina Ugartek adierazi zuenez, izen-emate gehiago egonez gero talde ezberdinak antolatuko dira.

Izena emateko epea astelehenean zabalduko da

Proposamenetakoren batean parte hartu nahi duten familiek datorren astelehenetik, urtarrilaren 27tik, aurrera eta urtarrilaren 31ra arte izena eman ahal izango dute Udalaren webgunearen bidez.

Horretarako, Irunen erroldatuta egon beharko dute edo, bestela, haurrak Irungo ikastetxe batean matrikulatuta egotea.