Udal gobernua osatu dute EAJk eta PSE-EEk
Akordioa, proiektu estrategikoetarako "beharrezko egonkortasuna" lortu dute. Bide horretan, udal aurrekontuak onartuko dituzte ostiralean. Gobernu berrian, hiru zinegotzi jeltzale sartuko dira.
Udaletxeko areto nagusia goraino beteta iragarri dute udal gobernurako akordioa lortu dutela EAJk eta PSE-EEk. Orain arte Cristina Laborda alkatea buru duen udal gobernua sozialistena izan da soilik, eta 2027ra bitartean Gorka Alvarez jeltzalea buru duen taldea parte izango da. Akordio honen nondik norakoak emateko agerraldian Laborda eta Alvarez gain, Jasone Ugarte Irungo EAJko udal batzarreko presidentea eta Nuria Alzaga lehen alkateordea izan dira.
Alkatearen esanetan, Irun “transformazio” garaian dago eta akordio honekin proiektu estrategikoei “beharrezko egonkortasuna” emango diote. Lehen mailako proiektuen garaian dagoela hiria ere adierazi du alkateak eta transformaziorako proiektu horiek egikaritzeko erakunde guztien bultzada behar dela uste du. Proiektu estrategikoen artean IAM pabiloia, Via Irun proiektua, kohesio soziala, auzo planak, etxebizitza eta segurtasuna aipatu ditu. “Irun ez da nolanahiko hiria, Irunek proiektu anbiziotsuak eta estrategikoak dauzka eta orain, akordio honekin gehiengo fidagarria osatu dugu proiektu horiek egikaritzeko”.
Ardura politikoak banatu dituzte, baina ostiralean iragarriko dute zein zinegotzik kudeatuko duen departamentu bakoitza. Oraingoz, aurreratu ahal izan dutena hiru zinegotzi jeltzale sartuko direla udal gobernuan izan da. Labordak adierazi du orain arteko premisa berdinetan egingo dutela lan udal ordezkariek, “Irun gauza guztien aurretik egotea, alderdien koloreen gainetik ere”. Sailak honela banatu dituzte:
- EAJ:
- Segurtasunaren eta Herritar Bizikidetza.
- Gizarte Ongizatea.
- Berdintasuna.
- Obretako, Mantentzeko eta Azpiegiturak.
- Euskara
- PSE-EE:
- Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren arloa.
- Ogasuneko, Zerbitzu Orokorretako eta Hiri bultzadako arloa (Bidasoa bizirik).
- Kultura.
- Hezkuntza.
- Gazteria.
- Kirolak.
- Hirigintzako, Garapen Jasangarriko eta Mugikortasuneko arloa (Irunvi).
Jasone Ugarte Irungo EAJko udal batzarreko presidentearena izan da hurrena hitza eta adierazi du hiriak aurrera egingo duela gobernu gogor eta gehiengoarekin. Akordio honekin irundarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak ekiteko bideari ekin diotela uste du. Irungo EAJk sozialistei beti eskua luzatuta eduki duela oroitu du eta helburua udal gobernu “indartsu” eta “solidoa” sortzea izan dute. Akordioetarako hiria izatea nahi du Ugartek.
Goretsi egin du EAEn eta Espainiako gobernuan EAJk eta PSE-EEk duten akordioa, “emaitza onak” lortu dituztelako. Dena den, Irungo kasuan akordioa “berandu” iritsi dela iritzi du jeltzaleak, baina akordioa erdietsi izana “positibotzat” jo du sozialistentzat, jeltzaleentzat eta irundarrentzat. “Irun hobe bat eraikitzen hasi gara gaur”.
Gorka Alvarezek ere poza adierazi du akordioarengatik eta proiektu estrategikoetan aurrera egiteko balioko duela akordioak uste du. Proiektu estrategikoez gain, beste eginkizun batzuk dituztela egiteko uste du Alvarezek, eta kezka adierazi du euskararen kaleko erabileragatik, Irungo erabilera baxua baita. Bide horretan, euskara ordezkaritzatik “serio” landu beharreko gaia izango dela aurreratu du. Kalean erabilera sustatzeko jarduerak aurrera eramateko asmoa adierazi du programen, ekitaldien eta ekintzen bitartez. “Gure karriketan euskara entzun behar dugu”.
Udal aurrekontuak
Ostiral honetan osoko bilkura egingo da Irungo Udalean eta 2025eko udal aurrekontuak onartuko dituztela azaldu du Nuria Alzaga Ogasun ordezkariak. Bide horretan, jeltzaleekin udal aurrekontuetarako akordioa lortu dutela ere baieztatu du.
Aurrekontu proiektua dagoeneko aurkeztu duten bera izango dela aurreratu du Alzagak eta aurrekontu proiektu honetan gaur alkateak azaldu dituen proiektu estrategikoak jaso dituzte. Proiektu estrategikoez gain, Udaltzaingoaren plantillaren handitzea aipatu du eta udal aurrekontuetan asmo hau presente edukiko dute.
Elkarrizketarako mezua nabarmendu nahi izan du Ogasun ordezkariak, “adostasunak zabaldu” nahi dituzte. Gainontzeko udal taldeekin biltzeko asmoa erakutsi du, batasun politikoaren izenean, “betiere Irunentzat”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario