Hizkuntza politikak eguneratzen hasteko bilera eskaria egin dio Aski da! kolektiboak Irungo udalari
Udalerrian euskarari merezi duen lekua emateko, udalarekin elkarlanean eta agenda zein helburu jakinen gainean lan egiteko beharra dagoela adierazi dute
Joan den abenduaren 4an Gabonetako argiak pizteko ekitaldian euskararen erabilera ezak milaka irundarrengan sortu zuen deseinganu sentimenduaren aurrean, ‘Aski da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu’ lelopeko kolektibotik plazaratu zuten manifestuak Irungo Udalak publikoki barkamenak eskatu izana eragin zuen, ohar baten bidez. Orain, kolektibotik hori baikorki baloratzen dutela aitortu dute, baina “hitzetatik eta ekintzetara pasatzeko momentua dela” uste dutela. Hori dela eta, Cristina Laborda alkate anderearekin, eta Euskara arloko udal ordezkariekin elkarlanetik hitzkuntza politiketan plangintza berria erakitzen hasteko bilera bat egitea eskatu dute.
“Udalak egin ditzakeen keinu zehatzetatik harago, hizkuntza politikak eguneratzeko beharra dago Irunen, eta borondate politiko berri baten abiapuntu izan daitekeen elkarlanerako gonbidapena luzatu nahi diogu udalari herrigintzatik”, azaldu dute gaur ohar baten bidez. Era berean, agenda eta helburu jakinen gainean lan egiteko asmoa dutela esan dute, jarraipena izango duen euskararen aldeko plan estrategiko berri bat martxan jartzeko.
Izan ere, Irunen euskarak merezi duen lekua elkarlanetik eta modu iraunkorrean lantzeko beharra "irundar askoren kezka dela" agerian geratu dela aitortu dute, eta udalak ezin duela “isilarena eman, eta euskarak Irunen bizi duen egoera larriari ez ikusiarena egiten jarraitu”.
Luzetik datorren arazo bat
Gaur bidalitako oharrean, Aski da! kolektiboak abenduaren 9an plazaratutako salaketa ez zela gabonetako ekitaldi bakar bati lotuta gogoratu du. “Ekimen zehatz horrek azken urteetako euskararekiko begirune faltak eragindako haserrearen irudiko besterik ez zen izan”. Ildo beretik, aipatutako barkamen oharraz gain, 48 orduko epean eta “udalak aldebakarrez erabakitako baldintzetan”, udaletik abenduaren 11n bilera bat antolatzen saiatu zirela gaineratu dute. “Salaketaren sinatzaileak ez ezik, udalak beste hainbat eskola, auzo elkarte eta eragile kultural ere deitu zituen bilera hartara eta, beraz, ez zen gure salaketari erantzuteko edo euskarak duen tratamendua zuzentzeko helburuarekin antolatutako bilera, salaketak piztutako txinparta baretzeko baizik”.
Hori zela eta, eragileon eta udalaren arteko bilera “aurrerago eta lasaitasunez” antolatzea erabaki zuten, eta kolektiboa osatzen duten elkarte gehienek udalari hala jakinarazi zioten. “Izan ere, euskararen geroa ez da egun batetik bestera konponduko Irunen, eta denon parte hartzea ezinbestekoa izango da aurrera begira. Bide luzea dugu egiteko, eta horregatik, urtetan luzatutako egoera zuzentzeko premia ikusten dugun arren, ez dugu presaz egin nahi. Ongi baizik”.
Saretu eta indartu egin den kolektibo bat
Hortaz, hilabete luze honetan udaletik bultzatu beharreko hizkuntza politikak aztertu ditu kolektiboak, eta hausnarketa sakon bat eginda, beraien proposamenak udal agintariekin partekatu eta elkarlanerako prestutasuna adierazi nahi izan dute. Gainera, azken asteetan eragile berriak gehitu zaizkio kolektiboari, hasierako 35 eragileetatik 40 izatera pasatuz.
Udalari eskatutako bilerari dagokionez, datorren astean izatea nahiko lukete, eta kolektiboko ahal bezain beste ordezkarik parte hartu ahalko duten adostutako ordutegi batean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario